(argazkia: ZAS kultur taldea)

Gasteizko ZAS Kultur Espazioak gaztetxoentzako komiki tailerra antolatu du

Sortu zure komikiak lantegiak komikiak sortzeko oinarrizko tekniketan murgiltzeko aukera emango die parte-hartzaileei, beren istorio grafikoak sortuz.

Gasteizko ZAS Kultur espazioak gazteei zuzendutako Sortu zure komikiak izeneko tailerra antolatu du haur, nerabe eta familientzat, ekainaren 21etik uztailaren 27ra bitartean. Antolatzaileek zehaztu dutenez, “udako tailerra izango da, irekia, aldez aurretik ez da izena eman beharko eta doakoa, komikien munduan oinarritua. Saio batera edo gehiagotara joan ahal izango da, eta adingabeek lagunduta egongo da. Lantegia aukera bat da gazteek esperientzia sortzaile eta dibertigarri bat bizi dezaten oporren hasieran”.

Hala, Sortu zure komikiak tailerrak komikiak sortzeko oinarrizko tekniketan murgiltzeko aukera emango die parte-hartzaileei, ZAS Kultur taldearen gidaritzapean beren istorio grafikoak sortuz.

Bilbo Plazako 2. zenbakian kokatuta dago Zas espazioa, eta bertako kideek nabarmendu dutenez, gaztetxoekin egin nahi dute jarduera hau, “harrobia sustatzeko eta arte eta pentsamendu garaikideari eskainitako espazio alternatibo hau ezagutu dezaten”. Adierazi dutenez, “komikiaren kultura beti izan da garrantzitsua Gasteizen. Gure hiria Angoulêmerekin senidetuta dago, bertan ospatzen baita Europako komiki jaialdirik nabarmenena. Gainera, Gasteizen komikigintzan aritzen diren kolektibo eta aldizkarien egoitza da, hala nola Atiza elkartearena eta TMEOrena”.

Haurrak bertaratzeko adina 10 eta 17 urte bitartekoa izango da. 14 urtetik beherakoek heldu batekin lagunduta parte hartu beharko dute.

Zabaldu: