“Saiakera honek talaia askotatik begiratzen die Leteren mundu poetikoari eta sorkuntza lanari”.
Alex Gurrutxaga (Zarautz, 1988) idazleak, Jorge Gimenez Bech Alberdania argitaletxeko editoreak lagunduta, Xabier Lete. Aberriaren poeta kantaria izenburuko saiakera aurkeztu du, gaur, bideokonferentzia bidez.
Liburuaren sorburuan idazleak aurten irakurri duen doktore tesia dago, baina tesiaren presentzia soil-soilik ikerketa mailaren gorentasun eta zorroztasunean sumatzen da, Gimenezek adierazi duenez, eleberri bat bezain erraz eta modu atseginean irakurtzen baita. “Leteren obra irakurtzeko edo berrirakurtzeko gonbita gustagarri bat da liburu hau”, dio editoreak.
Gurrutxagak adierazi duenez, “saiakera honek talaia askotatik begiratzen die Leteren mundu poetikoari eta sorkuntza lanari”. Liburuak pieza askorekin osatutako ikusmira zabal bat osatzen du, askotariko elementu eta osagaiak txertatuz. “Alde batetik, harremanetan jartzen ditu Leteren obra eta bere bizitzako peripeziak. Beste alde batetik, Leteren sorkuntza lanak eta garaian garaiko testuingurua lotzen ditu. Horrez gain, abesti eta poemek ezkutatzen dituzten ideiak, Leteren filosofia eta irudi poetikoen sorburu diren bizipen eta paisaiak xehatzen ditu”.
Egileak kontuan hartu ditu, batetik, Leteren obrari buruzko adituen adierazpenak eta ikertzaileen lanak, eta, bestetik, Gurrutxagak berak aztertu dituen Leteren material argitaragabeak. Hala, hiru atal nagusitan banatu du liburua, eta horietako bakoitzean, pieza labur ugariren bidez, poemak edo abestiak komentatzen ditu, itzulpenei buruz hitz egiten du, testuinguruan edo elementu biografikoetan sakontzen du, tarteka kantaldietako pasadizoak hartzen ditu hizpide… “Pieza horiek elkartuz, saiakerak poeta kantariaren obraren eta haren garrantziaren neurria ematen du”, aitortu du egileak.
Liburuak Leteren ibilbide poetiko eta musikala ulertzen laguntzen duten 21 poema eta abesti jasotzen ditu eta denek antologia txiki bat osatzen dute, kasu batzuetan diskoen edo liburuen azalarekin. Horrez gain, Leteren material argitaragabearen presentziak garrantzi berezia du argitalpenean: “Argitaratu gabeko zortzi testu zati sartu ditut”, adierazi du Gurrutxagak, “hainbat klasetakoak eta Leteren obra hobeto ulertzen laguntzen dutenak”. Guzti horrekin, bibliografia zehatz bat dator liburuaren amaieran.
Gimenezen arabera, “Nire belaunaldiko euskaldunentzat Lete figura totemiko bat da, zentzurik beteenean. Baina susmoa dut hori ez dela guretzat bakarrik horrela. Esango nuke edozein euskaldunentzat dela Lete ezinbesteko erreferentea, olerkigintzan bezala kantagintzan ere, herrigintzan bezala jarrera etikoen eraikuntzan ere, hala nola beste hainbat eta hainbat alorretan”. Gimenezen esanetan, horrelako figura erraldoi bati egin dakioeken omenaldirik emankorrena haren obra, obraren ingurumaria eta pertsona bera hobeto ezagutzeko eta ulertzeko baliabideak ematea da, eta horretara dator Gurrutxaga Literaturan doktore gaztearen liburua.
Txori kantazale: Xabier Lete berrezagutzen
Gurrutxagak Joana Otxoa de Alaiza piano-jotzailearekin batera, Txori kantazale: Xabier Lete berrezagutzen izeneko errezitaldia prestatu du. 50 minutu inguruko emanaldia da, eta pianoa eta hitza uztartzen ditu. Testuen kasuan, Leteren poemak irakurriko dituzte, testu ezezagunak ekarri, haren obrari buruzko azalpenak eman… Musikari dagokionez, berriz, Leteren piezak moldatuko dituztela azaldu dute, eta baita hark maite zituen doinuak interpretatu ere.
Gurrutxagak eta Otxoa de Alaizak laster ekingo diote errezitaldia Euskal Herrian zehar taularatzeari.