Alfonso Etxegarairen itzulera kontatzen duen dokumentala egiteko Crowdfunding kanpaina martxan jarri dute

ETAko kide ohiak 33 urte eman ditu Afrikan deportatuta. Caminho longe dokumentalak haren itzulera kontatuko du.

Josu Martinez eta Txabi Larreategik zuzendutako eta Hibai Castrok fimatutako dokumentalak Alfonso Etxegarai (Plentzia, 1958) euskal erbesteratuaren eta bere bikotekide Kristiane Etxaluzen istorioa kontatzen du, “ikuspegi humano batetik, baina baita politiko batetik ere, lehenengo pertsonan, Alfonsoren begietatik”, azaldu du Larreategik.

34 urte igaro dira Etxegarai Afrikako Sao Tome uhartera heldu zenetik. Frantziak erbesteratu ostean, Espainiako agintariek hara bidali zuten. Ordutik hona linbo legal batean egon da, pasaporterik eta bisarik gabe. Orain baina, Plentziara, bere herrira, itzultzea erabaki du eta dokumentalean bidaia bera kontatzen dute.

Crowdfunding kanpaina

Oraindik kitatu gabe dauden dokumentaleko produkzio-gastuak (prestaketa, talde teknikoa, bidaiak, filmatzea, muntaia, musika, irudi-posprodukzioa, audio-nahasketak eta filmaren amaitzea) finantziatzeko, lantaldeak crowdfunding kanpaina abiatu du.

Caminho Longe duela hamar urte Martinezek eta Larreategik zuzendutako Sagarren denbora filmaren jarraipen gisa har daiteke.

Lan berria Adabaki Ekoizpenak-ek ekoiztu du baina, IPES, Gastibeltza Filmak eta Zinez-en laguntza ere badu.

Zabaldu: