(argazkia: Nafarroako Almadiazainen Kultur Elkartea)

Almadiaren Eguna egingo dute apirilaren 27an, Burgin

31. edizio honetan, Orhipean elkartea eta Xabier Agote omenduko dituzte.

Apirilaren 27an, larunbata, Almadiaren Eguna egingo da Burgin. Festa honetan, hainbat almadia Eska ibaitik, Nafarroako Burgi herriko Erdi Aroko zubiraino jaisten dira.

Antolatzaileek aurreratu dutenez, 31. edizioak “nobedade interesgarriak ekarriko ditu, almadiazainak omentzen dituen jai honetara etortzen direnentzat, erakargarriagoa eta osoagoa izan dadin”. Iaz UNESCOk La Maderada – transporte río de la madera eta kanpaien eskuzko ukitua Gizateriaren Ondare Kultural Ez-material izendatu zituen. Hala, Nafarroako Ezkilazainen Elkarteko talde batek Burgiko kanpaiak joko ditu aurten ere, almadien zain dauden bitartean, eguerdiko 12:30ean.

Aurten, egunak beste bi protagonista handi izango ditu, Urrezko Almadiak jasoko dituztenak: Xabier Agote eta Orhipena Bizibide eta Usadioak Elkartea.

Agotek historiara pasatuko den lan baten aitorpen gisa jasoko du 2024ko Urrezko Almadia. Euskal baleontzi bat berreraikitzeko ametsari esker, Zaraitzuko izei handiek Pasaiatik Ternuaraino (Kanada) nabigatuko duen itsasontzi baten belei eutsiko diete.

Orhipean Bizibide eta Usadioak elkarteak saria jasoko du, Otsagabiko eta Zaraitzuko boluntarioek egindako lanaren aintzatespen gisa. Otsagabia eta Zaraitzuko boluntarioek “Orhipean” jaia antolatzen dute 2003az geroztik, Pirinioetako landa-bizitza birsortuz, 1900. urtean bezala.

Egitaraua

Egitaraua Almadiaren Museoaren irekierarekin abiatuko da, Burgi, lanbideen herriaren pasealekuaren bisita egingo da. Gainera, Erdi Aroko Azoka egongo da kanpai hots, musika emanaldi, dantza eta ikuztegien lanbidearen antzezpenarekin girotuta.

Hilabetetan dozenaka boluntario prestatu dituzten bi almadiak 12:30ean iritsiko dira Burgira. 13:30ean, berriz, Urrezko Almadia emateko ekitaldia egingo da eta jarraian, herri bazkaria antolatu dute pilotalekuan. Arratsaldean musikak girotuko du plaza nagusia Burgiko gazteriak antolatutako kontzertuekin. 18:30ean Los Tenampas taldea igoko da oholtzara eta gaueko 21:00etan DJ Saxix eta Puyix. Amaitzeko, DJ Sixtoren txanda helduko da.

Almadiako Krosa

Apirilaren 14an, igandea, Almadiako Krosaren zortzigarren edizioa izango da Burgin. Lasterketak sari bakarra izango du: proba amaitzen duten pertsona guztien artean, Almadiaren Egunean, apirilak 27, Eska ibaian barna jaitsiko diren almadietako batean jaistea zozkatuko da.

Nafarroako Almadiazainen Elkarteak bultzatua, kirolarekin eta naturarekin harmonian elkartasuna sustatzeko. Nafarroako eta ibarreko zenbait erakundek parte hartzen dute proban, bereziki Erronkariko Pirinioak Taldea.

Zabaldu: