Andrea Jaurrietak zuzendutako 'Nina' filmak itxiko du zinemaldia

Donostiako Giza Eskubideen 21. Zinemaldia apirilaren 12tik 19ra egingo da

Osasun mentala, Palestinaren egoera, migrazioak, lanaren etorkizuna, Ukrainako haurrak eta transexualen eskubideak izango dira zinemaldiko film eta solasaldietako gaietako batzuk. Erakusketak ere izango dira hiriko hainbat tokitan.

Benito Zambranok zuzendutako El salto (2023) filmak emango dio hasiera datorren apirilaren 12an, Victoria Eugenia Antzokian Donostiako Giza Eskubideen 21. Zinemaldiari.

Hasiera ekitaldian, Fernando Leon de Aranoa zinegile konprometituak aurtengo sari berezia jasoko du, bere ibilbide osoari emana, Andrea Jaurrietak zuzendutako Nina (2023) euskal filmak, berriz, apirilaren 19an itxiko du zinemaldia Victoria Eugenian, film luze eta laburren sariak ere banatuko diren ekitaldian.

Proiekzioak Victoria Eugenia Antzokian izango dira batez ere, eta bi emanaldi Antzoki Zaharrean. Tabakaleran, Zinema eta memoria zikloa osatzen duten hiru filmak proiektatuko dira. Aurten 35 herrialdetako 45 film programatu dira guztira (26 film luze eta 19 film labur), eta izen handiak daude tartean, besteak beste Agnieszka Holland eta Nuri Bilge Ceylan, baita Indarkeriaren oi(h)artzunak eta Muerte en Amara euskal ekoizpenen estreinaldi absolutuak ere.

Zinema programazioa ia egunero osatuko da filmen protagonisten, zinemagileen eta landutako gaietan adituak diren pertsona ezagunen solasaldiekin.

Antzoki Zaharrean, goizeko emanaldiak izango dira hiriko ikastetxeentzat, guztira bederatzi. Adin-taldearen arabera aukeratutako filmak hauek izango dira: Kurrin (2022), Dounia eta Alepoko printzesa (2022) eta 20.000 erle espezie (2023). Filmen gida didaktikoak, aurten, Zinhezba, Kalakalab eta GazteFilm Fest-ek landu dituzte.

Erakusketak

Zinemaldiaren programazioak lau erakusketa jasotzen ditu, ilustraziotik hasi eta argazkilaritzaraino.

Aurten ere, Mugi Tú giza eskubideei buruzko online jokoa izango da, EAEko Garapenerako GKEen Koordinakundeak antolatua. Jokoak proban jarriko ditu parte-hartzaileek arlo horretan dituzten ezagutzak. Eta Koordinakundearen laguntzarekin, Lamine Thior aktore senegaldarraren umorezko bakarrizketa bat, Españul, antolatu da Antzoki Zaharrean.

Bestetik, apirilaren 9an, Amnesty Internationalak antolatutako mahai-ingurua egingo da Victoria Eugeniako Club aretoan eta desobedientzia zibil baketsuaren kriminalizazioa izango da gaia.

Giza eskubideen defentsaren eta urraketaren hainbat alderdiren inguruko hausnarketa, sentsibilizazioa eta debatea kalitatezko zinemaren bidez bultzatzea da zinemaldi honen helburua, baita herritartasun aktibo bat sustatzen laguntzea ere, justiziarekin eta ekitate sozialarekin konprometitua.

Sarrerak

Sarrerak gaur jarriko dira salgai 11:30etik aurrera Antzoki Zaharreko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eta sarean bidez.

Doako saioetarako gonbidapenak egun berean jarriko dira publikoaren eskura antzoki bietako leihatiletan eta baita online ere.

Zabaldu: