#AmaHizkuntzenEguna ‘hashtag’-a erabiliz, norberak bere ama hizkuntzan esaldi bat grabatu eta bere sare sozialetara igotzea da asmoa.
Gaur, otsailaren 21, Ama Hizkuntzen Eguna da, eta kultura aniztasuna eta eleaniztasuna sustatzeko asmoz, Bizkaiko Foru Aldundiak ospatzeko erronka botako du, “gure helburua ama hizkuntzen balioa nabarmentzea da, Bizkaian erabiltzen diren ama hizkuntza ezberdinen presentzia azalaraziz”. Zehazki, herritarrei erronka lorgarri eta atsegin bat proposatuko zaie, hain zuzen ere norberak bere ama hizkuntzan esaldi bat graba dezala eta bere sare sozialetara igo dezala #AmaHizkuntzenEguna ‘hashtag’-a erabiliz. Facebook, Instagram eta Twitter izango dira erabili beharko diren sare sozialak.
Aldundiak 2021ean argitaratu zuen ikerketa baten arabera, Bizkaian 140 hizkuntza baino gehiago hitz egiten direla gogorarazi nahi du. “Euskara, hizkuntza horientzat guztientzat zubi eta aterpe izatea denon zeregina dugu”.
Hala, Ama Hizkuntzen Eguna baliatu nahi da herritarrak euskarara hurbil daitezen gonbidatzeko, “bakoitza beretik, bere ama hizkuntzatik, eta lurraldean dauden hizkuntza horiek guztiak aitortuz eta transmititzera bultzatuz”.
Gainera, Aldundiak Ama Hizkuntzen Egunaren harira, Hizkuntza Aniztasunerako Europako Sarearen (NPLD) ekimenarekin bat egin du eta erakundearen egituran txertatzen den Euskara Bizia Batzordeko kideekin batera, jatorrizko hizkuntzan sortutako bideo laburrak grabatu eta partekatu ditu NPLD sareko kide guztiekin, azken batean Europako gainerako hizkuntzen parean euskarak ere bere lekua baduela erakutsita. Zehazki, euskarazko esaera zaharrak dituzten berrogeita hamar Ikus-entzunezko labur baino gehiago bidali dituzte NPLD sarera, handik proposatutako erronkari erantzuna emanez.