(argazkia: San Telmo Museoa)

‘Amable Arias banbalinetan’ erakusketa bisitatzeko aukera uztailaren 2ra arte luzatu dute, San Telmo Museoan

7.000 bisitaritik gora izan ditu erakusketak orain arte.

 Donostiako San Telmo Museoak Amable Arias banbalinetan izeneko erakusketa zabaldu zuen otsailean. Mikel Lertxundi Galiana komisario duela, erakusketa honek artistak 1955. eta 1959. urteen artean egindako Antzoki Zaharra marrazki eta akuarela seriea erakusten du. Urte haietan, Ariasek bere ama laguntzen zuen Donostiako antzokiko arropazaindegian eta unibertso hura ezagutzeko multzoa osatzen du.

Antzoki Zaharra saila, Maru Rizok 2022an San Telmo Museoari dohaintzan emana, fundazionaltzat har daiteke Ariasen obran. Akuarela eta marrazki sorta horretan, hastapenetakoa oraindik, behatzeko ahalmen aparta garatu zuen artistak, ingurune ezohiko batean garatu ere: joan den mendeko berrogeita hamarreko hamarkadako antzerki ibiltariaren esparruan, hain zuzen. Saileko obrez gain, garaiko argazki eta ikus-entzunezko bat ere ikus daiteke erakusketan.

Amable 1948. urte inguruan, pintura eskolara joaten zen Ascensio Martiarena maisuarekin; hark gomendatu zion, hain zuzen ere, ikusten zuen guztia bere koadernoetan adierazteko, marrazki eta akuarela bidez. 1951. urtean, Ariasen amak Donostiako Antzoki Zaharreko arropazaindegiaren ardura hartu zuenenean, egitarau heterogeneoa eskaintzen zuen antzokiak, eta bertan emakumea zen izar nagusia.

Erakusketak otsailean ateak ireki zituenetik, 7.000 lagunek baino gehiagok bisitatu dute eta horregatik, uztailaren 2ra arte luzatzea erabaki du Museoak. Gainera, erakusketan dagoen marrazkietako baten inguruan informazio berria jaso dutela iragarri dute eta aretoan zuzenketa egingo dituzte. Izan ere, “erakusketan Cassen izenarekin dagoen marrazki bat orain arte Amable Ariasek Casto Senra Cassen aktore katalanari egindako erretratua zela uste bagenuen ere, jakin ahal izan dugu aktoreak Amable Ariasi egindako marrazkia dela. Gainera, Maru Rizok museoari dohaintzan emandako serie horretan badira beste bi marrazki kasu berdinean”.

Zabaldu: