Eztena arte eszenikoen jaialdia Errenteriako kaleetara aterako da aurten

Hiru egunetan zehar ikuskizunak, performance kolektiboak eta aurretik antolatutako tailerren erakustaldiak ikusi ahal izango dira. Emanaldi guztiak herriko kaleetan eta agertokietan egingo dira, hala nola, Gamon Zumardian, Lekuona Fabrikan, Niessen kulturgunean eta erdiguneko kaleetan.

Ekainaren 9tik 11ra bitartean, Eztena arte eszenikoen edizio berria egingo dute Errenterian. Antolakuntza baina, berritasun batekin dator aurtengoan, izan ere, jaialdia duela 14 urte sortu zuten edukietan, formetan zein antolakuntza moduetan arriskuak hartzen zituztenei plaza bat eskaintzeko asmoz. Horregatik, aurten, urte hauetan guztietan zuzendaritza eraman duen taldeak esperimentu berri bat egitea deliberatu du, arrisku berri bat hartuz: orain arte Eztena jaialdiko antolakuntzan aritu diren eskarmentudunek, arte-eszenikoen munduan dabiltzan hainbat gazteri utzi diete aurtengo edizioa martxan jartzeko ardura. Beraz, Eztenako lantalde gazteak eta beteranoak, Zizt! Kultur elkarteak eta Errenteriako Udalak antolatuta, eztenakide guztien laguntzarekin osatu da aurtengo edizioa.

Lantalde berriak adierazi duenez, “kaleetan badenarekin eta kalean ikusten ez denarekin lan egin nahi dugu edizio honetan. Kalera ‘atera’ esaten dugunean, kalera ‘sartzen’ ari garela esan genezake: eraikinek harresitutako lurrak dira hiriak eta auzoak, etengabeko performance erraldoietan dauden espazioak, hormigoizko eta asfaltozko areto biziak, eta denok gara bertako ikusle zein antzezle. Eguneroko kaleko hartu emanei eta arteak kalean duen presentzia beharrari keinu egin nahi diegu aurten. ‘Kalea’ kontzeptuaren iruntziarekin edo atzealdearekin jolastea da xedea; artistikoki kaleari beste dimentsio batzuk topatzea”.

Hala, hiru egunetan zehar ikuskizunak, performance kolektiboak eta aurretik antolatutako tailerren erakustaldiak ikusi ahal izango dira. Emanaldi guztiak herriko kaleetan eta agertokietan egingo dira, hala nola, Gamon Zumardian, Lekuona Fabrikan, Niessen kulturgunean eta erdiguneko kaleetan.

Egitaraua bere osotasunean datozen asteetan zabalduko dutela iragarri dute, baina hasteko, hiru tailerretan parte hartzeko deialdia zabaldu dute.

 Tailerrak

Ekainaren 5etik 10era bitartean hiru tailer antolatu dira bertan parte hartu nahi duten antzerki eta performance zaleentzat. Hauetako batean parte hartu nahi duenak jaialdiaeztena@gmail.com helbidera idatzita izena eman beharko du, maiatzaren 31 baino lehen. Ikuskizunetarako gonbidapenak eztena.eus webgunean egongo dira eskuragai.

Ekintzak eta lekuak soinutu izeneko tailerra ekainaren 9an egingo da Myriam Rzm eta Garazi Gorostiagaren eskutik. Soinuarekin edota musika elektronikoarekin nolabaiteko erlazioa zein gogoa duten pertsonei zuzendutako tailerra da; profesionalki horretan jardun ez arren, noizbait ordenagailua, efektu-botoiak edo loop pedalak erabili nahi izan dituztenentzat. Kaleko ekintzak eta lekuak soinutuko dituen elkarrekintza bat esperimentatzeko prest daude. Zuzeneko inprobisazioa, bakarra eta momentukoa.

Koldo Arostegik eta Eneko Gilek, berriz, Momentua bizi, espero ez dugun gorputz baterantz izenekoa eskainiko dute ekainaren 5etik 8ra, Dantzagunean. Inprobisatzen lagunduko dizkiguten jarraibideak praktikatzeko gune bat izango da tailerra. Hiru dimentsioko gorputz erabilgarri bat lortzeko arreta landuko da bertan. Azaldu dutenez, “ez dugu mugimendua modu zehatz batean sortzea bilatuko, unean bertan bizitzea baizik; espazioa, zoria eta inkontzientea izan daitezen gu manipulatzen gaituztenak. Entzuteko gaitasuna landu, arreta esnatu eta hura deshierarkizatzeko gune izango da. Gorputza hustu eta kristal garden bat bezala momentuari heldu nahi dionak hemen du aukera”.

Amaitzeko Marina Suarezek eta Andrea Berboisek Gorputzak pasieran izeneko tailerra eskainiko dute ekainaren 6tik 8ra, Lekuona Fabrikako sorlekuan. “Gorputza eta paisaiaren arteko harremana landuko dugu. Gorputza adierazpen eta keinu arkaikoetara eraman nahian, paisaian esku hartzeko ariketa koralak eta indibidualak egingo ditugu. Horietan, gorputzaren eta ahotsaren plastikotasuna, talde-entzutea eta ingurunearekiko sentsibilitatea aztertuko ditugu, paisaiarekin leku oniriko eta poetikoagoak arakatzeko.

Zabaldu: