(argazkia: Alberdania)

Amaia Telleria idazleak ‘Zuhara. Itsasoaren deia’ eleberria kaleratu du

Gaztetxoentzako liburu hau “abentura eleberri bat da, irudimenezko mundu batean gauzatzen dena, baina gu guztion munduaren giltzarri nagusiak, edo antzekoak, dituena”.

Amaia Telleriak (Idiazabal, 1993) duela urtebete argitaratu zuen bere lehen liburua Haize-lekuak izenpean. Lan horrek izandako harrera onaren ostean, idazleak gaztetxoei zuzendutako Zuhara. Itsasoaren deia eleberria kaleratu du oraingoan.

Jorge Gimenez Bech Alberdania argitaletxeko editorearen arabera, “literatura fantastikoaren eremuetan dabil Telleria eleberri honetan, mundu oso bat sortu duelako, egunerokotasunetik apartekoa, ezagutzen dugun errealitatetik hurbilekoa eta, aldi berean, urrunekoa”.

Zuhara, istorio honetako protagonista nagusia, hamahiru urteko neskatila bat da, bere adinean askotxori gertatzen zaion bezala, lekuz kanpo sentitzen da, bai eskolan, bai lagunartean, bai bere eguneroko bizimoduan. Arraro sentitzen da, berezia, eta iruditzen zaio ez duela sekula asmatzen ingurukoekiko harremanetan. Halako batean, ordea, amaren eskutik, bere familian ondo baino hobeto gordeta egon den sekretu baten berri jakingo du, eta sekretu horrek hankaz gora jarriko dio bizitza: Zuhara, bere ama eta amona bezala itsaslamina bat da, eta iritsi zaio itsas azpiko mundua ezagutzeko ordua. Itsasoaren deia, alegia.

Telleriak azaldu duenez, “historia iniziatiko bat da Zuhararen kontakizun hau, ezinbestez. Izan ere, bilatzen dituen irakurleak orduantxe hasten ari dira bizitzan oin propioez ibiltzen. Adin horretan, hamar urteen bueltan, urrats bakoitzean agertzen hasiko dira gerora bakoitzaren ni heldua izango denaren lehen islak. Halaxe gertatzen zaio Zuharari ere: ez dabil gustura bere munduan, bazterrean sentitzen da maiz, ez da inguruan duen errealitatera egokitzen, edo hori sentitzen du berak behintzat. Asko eta asko dira, gehienak, esango nuke nik, adin horietan sentsazio horiek bizi dituztenak, eta haiei zuzentzen da nire eleberri hau, Zuhara bidaide baliagarria izan dezaketelako. Hori nahi nuke nik behintzat”.

Kontakizunaren abiapuntuan, itsasotik gertu bizi den amonarengana eramango du amak Zuhara, honi azalean atera zaizkion orban batzuentzako sendabidea bilatzea aitzakia hartuta. Han sentituko du neskatoak, gordin-gordin eta aurretik batere abisurik gabe, itsasoaren deia. Dei horri jarraituz ezagutuko du itsas azpian gainerakoentzat ikusezina den mundu oso bat. Bere mundua ere badena. “Han bilatu beharko du Zuharak bere burua” azaldu du idazleak. Hango legeen arabera, erantzun beharko die neskatilak bidera ateratzen zaizkion galdera ugariei, eta den-dena abentura ikaragarri bati dagokion erritmoan. “Hori baita, azken batean, liburu hau: abentura eleberri bat, irudimenezko mundu batean gauzatzen dena, baina gu guztion munduaren giltzarri nagusiak, edo antzekoak, dituena. Bizitza arriskuan jarriko du Zuharak mundu berrian, eta, era berean, lehorrean ez bezalako harremanak lortuko ditu ingurukoekin. Bere mundua ere baden eta lehenago ezagutzen ez zuen mundu horretan”.

Eleberriarenn aurkezpenean, liburua ilustratu duen Laida Ruiz irudigilea aritu da aretoan bertan marrazten. Editoreak azaldu duenez, “lan fina egin du Ruizek libururako, bai Zuhararen beraren irudia sortuz, baita haren munduaren alderdi grafikoa landuz. Era berean, liburuko kapituluen errotulazioaz ere arduratu da. Bikain interpretatu ditu idazlearen ideia eta liburuaren premiak”.

Zabaldu: