(argazkia: Alberdania)

[Bideoa] Amaia Telleriak ‘Haize-lekuak’ eleberria aurkeztu du

Idazleak muinean bere amonaren umetako oroitzapenak dituen kontakizun bat ondu du, Gerra Zibilean girotuta.

Amaia Telleria idazleak, Jorge Gimenez Bech Alberdania argitaletxeko editorearekin, Haize-lekuak izeneko eleberria aurkeztu du, gaur, Donostian.

Idazle gaztea da Telleria, baina dagoeneko hainbat sari jaso ditu narrazio laburraren alorrean, haien artean Errenteria Hiria saria. Bere ibilbidean lehen aldiz egin du eleberrirako jauzia, eta muinean bere amonaren umetako oroitzapenak dituen kontakizun bat ondu du, “batez ere, historian oharkabean pasatzen diren horien ikuspegitik mundua kontatzeko. Mundu hori askotan txikia da, edo txikia dirudi, maiz grisa da, neketsua, itogarria, pobrea zentzu guztietan, baina berdin-berdin kabitzen dira mundu horretan neskato baten ametsak eta bizipoza, berdin-berdin kabitzen da maitasuna eta, batez ere, itxaropena”, adierazi du.

Garai latz batean kokatutako historia da eleberriak jasotzen duena, eta gerrak eta haren ondorio izugarriek toki propioa dute narrazioan, baina, idazleak aitortzen duenez, “ez da Gerra Zibilari buruzko eleberri bat, baizik eta egoera zail horretan aurrera atera beharra daukan familia eta, bereziki, neskato bati buruzkoa. Kontraste izugarria egiten du gerraren atzeko oihalak –batzuetan aurreneko planora ere pasatzen denak– eta neskatoaren bizi-egarriak, bizitzeko grinak”. Mikela dugu protagonista eta kolpe bakar batez ikasi beharko du bere familia eta etxetik aparte bizitzen, eta ulertzen kostatzen zaion mundu berri batean oin propioez eta mundu horren hizkuntzaz ibiltzen. “Gure aurrekoek, askotan, horrelakoa izaten baitzuten heziketa sentimentala: zirt-zartekoa, prestakuntza askorik gabekoa, bizitzaren erritmo maiz bihurrietan, eta ez haur baten erritmoetan”, azaldu egileak.

Idazkerari dagokionez, naturaltasunez idatzi du eleberria Telleriak, baina gaur egungo irakurlearengana iristeko modu eraginkorrean. Liburuan Natalia Ginzburg-ren oihartzunak aipatu ditu Gimenez Bech-ek, bereziki haren “familiaren lexikoa” literaturara eraman zuenean. “Sotiltasun landua darabil idazleak kontatzeko, eta inguru itxuraz bare baina sakonean gatazkatsu baten berri jasoko dugu pertsonaien begietatik, alferrikako enfasirik gabe, modu leunean, jende xehearen bizimoduan ohi den bezala. Baina emozioz gainezka beti, hori baita Telleriaren eleberri honetan osagai nagusia: emozioak transmititzeko erraztasun dotorea, bigunkeriarik gabeko zehaztasuna”.

Zabaldu: