(argazkia: Gaizka Peñafiel)

[BIDEOA] Alaitz Telletxeak, Maixa Lizarribarrek, Amaia Orejak eta Kristina Solanok ‘Amak’ izeneko taldea sortu dute

Oñatin, Errezilen eta Hondarribian eskaini dituzte emanaldiak.

Alaitz Telletxea (Alaitz eta Maider), Maixa Lizarribar (Maixa ta Ixiar), Amaia Oreja (M-n Ezten) eta Kristina Solano (M-n Ezten) Amak izeneko proiektua sortzeko elkartu dira. Lau Musikari hauen izenen aurreneko letrarekin sortutako taldea da Amak eta lau ahots, lau ama, lau trikiti eta lau panderoz osatuta dago.

Euskal Herriko folk musikaren ertzak betiko moldeetatik atera eta proposamen berria gorpuztu nahi dute plaza arruntetatik kanpo. Baga Biga diskoetxearen babespean, “ikuskizun bitxia eskainiko dute trikiti, pandero eta ahotsen hamaika bariazio edo konbinazioekin, eta horrela lortuko dute kantuei formula berriak lantzea”, aurreratu du Baga Bigak. “Une berean astindutako lau trikiti gehituko dizkiete Iparraldeko kantaerako ohituraren ikuspegiari, eta lortuko den musika koloreak ikuslearen gozamena ekarriko du areto edo aulkiz betetako plazetan”.

Jaia bai, baina Baga Bigaren arabera, bestalde, “agertokiari erreparatuta, sentimendu handiko kantuekin eraikiko dute entzulearen arreta aretoetan”. Amak talde ezohikoa dela ere azpimarratu du diskoetxeak, “Euskal Herria irudikatzeko aukerak eskainiko dituzte 50 minutuko errepertorioarekin”. Kantu propioak, jatorrizko taldeen kantuen bertsioak eta poupourriak osatuko dituzte, eta abesti klasiko batzuen moldaketak. “Proposamen atsegin bat landuko du Amak taldeak eta dotorea, bai horixe”.

Taldea ezustean sortu dela diote Telletxeak, Solanok, Orejak eta Lizarribarrek, izan ere, duela urtebete Oñatiko Trikitixa jaialdian jotzeko deitu zituzten lau musikariak, bertan parte hartzeko eskatuz. Beraiek proposamena onartu eta lau bat kantu prestatu zituzten saio horretarako. Ordutik hona, Errezilen eta Hondarribian ere eskaini dituzte emanaldiak.

Laukoteak eskainiko dituen hurrengo zuzenekoak:

-abenduaren 20an, Orexan

-abenduaren 23an, Arrasaten

-martxoaren 6an, Alegin

-martxoaren 7an, Bergaran

-martxoaren 24an, Lazkaon

(Bideoa: Amak)

Zabaldu: