Alaine Agirre idazleak Karena izeneko eleberria aurkeztu du, Elkar argitaletxearen eskutik.
Alaine Agirre idazleari (Bermeo, 1990) askotan esan diote tabuak biluzteko idazten duela eta horixe bera egin du oraingoan ere. Amatasunaren terrenora egin du jauzia Karena eleberria ontzeko, eta normalean isilpean eta ezkutuan geratzen diren gaiak agerian utziz. Gaur aurkeztu du liburua Elkar argitaletxearen eskutik, Donostiako Tabakalera zentroan.
Lagundutako ugalketa teknikak, horren ondorio fisiko eta psikologikoak, bikoteko batek guraso izateko besteak baino gogo gehiago duenean sortzen diren arrakalak, amarenganako errespeturik gabeko erditzeak, eta nahi gabeko abortuak eta horren doluak dira azaleratu dituen gaietako batzuk.
Kasu honetan, Sara Mendizabal dugu eleberri honetako protagonista, beste neska batekin bikote harreman bat du eta bien artean seme-alaba bat izatea erabakitzen dute. Horretarako, intseminazio artifiziala egitea erabakitzen dute, baina biek espero ez zuten bide bat hasiko da orduan, “oztopoak, zailtasunak… izango dira”, kontatu du idazleak. “Halako batean, amatasunari dagokionez, asimetriak agertuko dira bikote horretan, batek aurrera egin nahiko du, besteak ez. Asimetria horietatik askotan arrakalak zabaltzen dira”, azaldu du Agirrek.
Liburuan haurdunaldi bat dago, baita abortu bat ere, errespetatu ez den erditze bat kontatzen da, biolentzia obstetrikoa… “Maremagnum guzti horretatik, doluaren ideia erreskatatuko nuke, uste dut nobelak kontatzen duena dolu baten bidaia dela. Gizarteak ukatzen duen dolu bat, nahi duzun haurdunaldia galtzen duzunean dolu gestazionala da, eta ez zaio lekurik egiten, ez da horretaz hitz egiten, isilarazi egiten da, isildu egiten dugu. Hori da emakumearenganako bortizkeriaren beste formetako bat. Ugalketak sostengatzen du gizartea, baina, aldi berean, gizartea ez dago ugalketa prozesuak eta emakume horiek sostengatzen”. Idazleak liburuaren protagonista ama ere badela aldarrikatu nahi izan du, bere umea bizirik jaio ez den arren. “Ama asko daude eta horren aldarrikapena ere badago”.
Formari dagokionez, Agirreren beste nobeletan bezala, honetan ere atal laburrez osatuta dago liburua, intentsitatea eta indarra emateko. Aldi berean, “ez dira tonu eta estilo berberean eta denak bata bestearen atzean idatzita dauden atalak, batzuk tonuz dramatikoak dira, beste batzuk, berriz, umoretsuak, beste batzuk beharbada gehiago lerratzen dira estilo zientifikoago baterantz, lirikoak ere badaude…”. Atal bakoitzak bere teknika, poetika eta zentzua dituela dio egileak. “Garrantzitsua izan da atal bakoitza mimatzea eta borobila izatea.
Era berean, atal labur horiek parte handiagoetan sartuta daude, “irakurleak jarraitzen duen Sararen bidaia hori barrutik eta kanpotik ikusiko dela sentitzen dut eta atalak bidaia horren geltokiak direla”.
Agirrek Irun Hiriko Kutxa Literatura Saria jaso zuen Karena eleberriagatik eta azaldu duenez, aurreko lanak baino liburu helduagoa, pausatuagoa eta borobilagoa atera dela sentitzen du.