(argazkia: Artedrama)

Amets Arzallus eta Ibrahima Balderen ‘Miñan’ liburuaren antzerkirako egokitzapena egin du Artedramak

Antzezlanaren aurrestreinaldia urriaren 18an izango da Luhuson, eta estreinaldia, berriz, Bilboko Arriaga antzokian urriaren 25ean.

Miñan liburuak (Susa) Ibrahima Balde ginearraren bizitzaren kronika kontatzen du. 2019an idatzi zuen Amets Arzallus kazetari eta bertsolariak liburua Balderekin batera. Ander Lipus antzerkigileak aitortu duenez, liburua lehen aldiz irakurri zuenen bihotzak krak egin zion. “Benetako istorio bat, gogorra, hunkigarria, beldurgarria, hitz xumez eta poetika handiz kontatua. Irakurri ahala, irudiak ikusten dituzu, egoera latzak, ametsak eta amesgaiztoak, injustiziak… eta nire baitan esan nuen: istorio hau antzerkira eraman beharra dago”.

Lipusek denbora hartu du istorioa oholtzara eramateko eta horretarako beharrezko lantaldea osatzeko. “Mugak, arrazakeria, atzerria, migrazioa eta migratzaileak… gure ibilbidean landu izan ditugun gaiak izan dira. Orain arteko antzezlanetan, nahiz eta egiazko gertaeratik abiatu, beti fikziora jo izan dugu. Oraingo honetan benetako istorio bat kontatzera gatoz. Ibrahima Balderen istorioa, eta erronka ez da nolanahikoa”.

Artedrama Arte Eszenikoen Plataformak egin du antzerkirako egokitzapena eta Ander Lipusen zuzendaritzapean, Sambo Diaby, Eihara Irazusta, Mikel Kaye eta Lipus bera ikusiko ditugu taula gainean, Ibrahim Balde ginear gaztearen bizipenak kontatzeko. Bere istorioa amak Europara bere anaia txikiaren bila joateko eskatzen dionean abiatzen da. Une horretatik aurrera, Afrika eta Europa banatzen dituen ibilbidearen esperientzia gogorra biziko du.

Miñan Euskal Herrian eta mundu zabalean oihartzun handia izan duen liburu bat dela dio lantaldeak. “Erronka handia izan da horren ezaguna egin den testu bat, antzerkira egokitzea. Migrazioa eta arrazakeriaren gaiak ardatz hartuta, ikusle gazteengan jarriko dugu arreta batez ere. Lipusekin batera oholtza gainean jokatuko duten aktore gazteen indarrak, haize berri bat ekarriko dio euskal eszenari; gizarte zabal, anitz eta normalizatu baten ispilu izango gara”.

Antzezlanaren aurrestreinaldia urriaren 18an izango da Luhuson, eta estreinaldia, berriz, Bilboko Arriaga antzokian urriaren 25ean.

Zabaldu:

Utzi erantzuna