Maider Oleagaren 'Muga deitzen da pausoa'

Euskal emakume zinemagileen zikloa urritik abendura izango da Donostian eta Gasteizen

Egileek beraiek hautatutako dokumentalak eta fikzioak izango dira ikusgai Donostiako Tabakaleran eta Gasteizko Artium Museoan. Egileetako gehienek beren lanak aurkeztuko dituzte bi hirietan.

Euskal emakume zinemagileen zikloak laugarren edizioa izango du aurten eta 1970eko hamarkadaren amaieran eta 1980koaren hasieran jaiotako zinemagileen hamaika film eskainiko ditu udazken honetan. Antolatzaileen esanetan, “haien errealitatea ez da aurrekoek bizi izan zutena, eta desberdinak dira haien pertzepzioa, interesak eta begiratzeko modua ere. Zenbait ezaugarrik bereizi egiten dituzte emakumeok aurrekoetatik, baina beste askok eta askok lotu egiten dituzte guztiak. Leku propio bat aldarrikatzeak batzen ditu batzuk zein besteak, eta emakumeek funtsezko eginkizuna dute arian-arian sorturiko ekosistema horretan”.

Edizio hau osatzen duten fikziozko filmetan eta dokumentaletan, emakume zinemagileek luze eta zabal hitz egiten dute emakumeez, beren buruaz, lankide eta adiskideez, bidea ireki zuten emakumeez eta baita ondoan jarraitzen duten horiez ere. Bata bestearekin antz handirik ez duten hiru erretratuk moldatzen dituzte hiru figura: aurten mendeurrena duen Nestor Basterretxea Señales de vida: Nestor Basterretxea lanean (Gentzane Martinez de Osaba eta Alejandro Garcia de Vicuña); Elbira Zipitria frankismo garaiko ikastolen aitzindaria (Maider Oleagaren Muga deitzen da pausoa izeneko denboraz kanpoko elkarrizketa); eta Eulalia Abaitua XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako Bilboko argazkigintzaren aitzindaria (Ainhoa Urgoitia eta Enrique Reyren Norberaren gela lanean).

Istorio pertsonalagoak

Istorio pertsonalagoak dakartzate Amaia Nerekanek eta Arantza Santestebanek. Lehenak Bost minutu lanean aztertzen du zeinen latza den ama gazte batentzat eta semearentzat aita urruneko espetxe batean preso egotea. Bigarrenak, berriz, hausnarketa serio eta gordin bat egiten du 918 gau lanean, eta kontatzen du zer-nolakoak izan ziren berarentzat espetxean eman zituen 918 gau haiek eta zer distantzia dagoen kartzelan sartu zen emakumearen eta presondegitik irten zenaren artean.

Zikloan bi istorio kolektibo ere badira. Bata, Bilboko Euskalduna altzairutegi ahaltsua ixtea saihesteko senideekin batera orpoz orpo borrokatu ziren emakumeena (Larraitz Zuazoren Nosotras, mujeres de Euskalduna). Bestea saskibaloi-kantxetan, kiroldegietan, aldageletan, hoteleko geletan eta, finean, Cabeza y corazón (Ainhoa Andraka eta Zuri Goikoetxea) filmeko protagonistek partekatzen dituzten espazioetan gertatzen da; dokumental horrek Espainiako gurpil-aulkiko saskibaloiko emakumezkoen selekzioa du hizpide, baita Paralinpiar Jokoen azken ediziorako lortu zuten sailkapena ere.

Tamara Garcia Iglesiasen Zarata filmeko pertsonaiak, bestalde, esperimentazioak, dokumentalak eta fikzioak bat egiten duten eremuan mugitzen dira. Botere-harremanak; eremu profesionala eta pertsonala erabat zapuzten duten harreman toxikoak. Arantza Ibarra eta Luisje Moyano zuzendarien La ama filma giroturik dagoen landetxean, berriz, mundu ilun eta arriskutsuak ikusiko ditugu. Dominazioaren eta sadomasokismoaren bondage munduak are inguruabar ilunagoak ezkutatzen ditu. Tratamos demasiado bien a las mujeres filmean, Clara Bilbao zinemagileak Carmen Machi ausart askoa aurkezten digu. Makien garaian girotutako gerra-kontakizun horretan, Machik argi eta garbi dauka bera dagoela lehen tokian, baita bigarrenenean ere.

Azken kontakizuna gure egunotan girotua da. Cinco lobitos filmarekin, Alauda Ruiz de Azuak amatasuna, nahasmena, mina, maitasuna eta itxaropena uztartzen dituen istorio bat osatzen du.

Emakumeei buruz hitz egiten duten emakumeak dira denak, baita gizonez ere. Bizitzaz, borrokaz, lanaz, kariñoaz, adiskidetasunaz eta amodioaz dihardutenak. Guztiaz mintzatzen diren emakumeak. Beren ahotsekin.

Zabaldu:

Utzi erantzuna