(argazkia: Korrika)

Amurrion dena prest dute 22. Korrikari hasiera emateko

Euskal Herriko jendarteak hitzordu garrantzitsua izango du datorren ostegunean, martxoak 31, Amurrion. Izan ere, 22. Korrika bertatik abiatuko da arratsaldeko 16:30ean.

Amurrioko eta Aiaraldeko herritarrek egun osoko jaia prestatu dute Korrikari hasiera emateko. Hasteko, txupinazoa eta kale animazioarekin girotuko dute herria, eta goizean hainbat ekimenek alaituko dute eguna. Eguerdian parrillada antolatu dute eta herriko hainbat tabernatan bazkaltzeko aukera ere egongo da. 16:00etatik aurrera, berriz, plazan izango da hasiera ekitaldia, Kaitin Allendek gidatuta eta Neomak taldearen parte-hartzearekin.

Mezua lekuko barruan sartuta, lehen kilometroa Amurrioko AEK euskaltegiko sei irakaslek egingo dute. “Korrika ekimen zirraragarria da eta, horrez gain, Korrikaren atzean euskararen eta euskaldunen, euskaltzale guztien eguneroko bizitza eta euskaraz bizitzeko nahia dago. Ideia horrekin, eta sei lagun horien bidez, lehen kilometro horrek islatuko du alde batetik euskaraz bizitzeko kemena; eta bestetik Amurrion euskalduntze-lanak tinko aurrera egiteko Korrikak hauspo izan nahi duela”, adierazi du antolakuntzak.

Bizkaiara bidean, lehendabiziko gauaren bila, Korrikak aurrera segitzen duen bitartean, Amurrion jaiak segituko du hainbat kontzertu eta ekitaldi tartean.

Azpimarratu dutenez, Korrika hasiera telebistaz (baita Interneten ere) nahiz irratiz jarraitu ahal izango da zuzenean, hainbat hedabidek egingo dituzten saioei esker.

Hasiera eguneko informazioa guztia, hemen. Beste informazio asko, ohi bezala, Korrikaren webgunean dago eskura.

Zabaldu: