Ana Ibañez ilustratzaile iruñarraren erakusketa Donostian ikusgai

Erakusketa datorren abenduaren 12ra arte bisitatu ahal izango da Donostiako Aiete Kultur Etxean.

Ana Ibañezen (Iruñea, 1972) erakusketa ikusgai egongo da bihartik aurrera, irailak 21, Aiete Kultur Etxean Ilustratzailearen Txokoa izeneko programaren barruan.

Ibañez Arte Ederretan lizentziatu zen Bilbon, eskultura alorrean. Halaber, grabatu eta estanpazio teknikak ikasi zituen Iruñeko Arte Eskolan. Artistak “zirriborro egile, marrazkilari eta eskulturagile” gisa definitzen du bere burua. Bere lanak teknika ezberdinen mugak hausten ditu, eta bertan, hariak, papera eta marrazketa uztartzen ditu.

Taldekako zein bakarkako hainbat erakusketetan parte hartu du. Banakako erakusketen artean, honakoak nabarmendu daitezke: Zizur Nagusiko Kultura Etxean, Biguina eta beroa (2004); Koloreak eta hariak, Gayarre Antzokian (2003); edo Haragi barruko lorategiak, Molmar arte galerian (2002). Taldekako erakusketei dagokienez, 2019an Iruñeko Ziudadelako Mistoen Eraikinean gauzatu zen Imajinarioak erakusketa nabarmendu daiteke. Bertan, belaunaldi ezberdinetako 44 ilustratzaile nafarren lanak izan ziren ikusgai. Tartean, Ibañezenak.

Jasotako sari eta beken artean, Iruñeko Gazte Sarien XIV. deialdian Eskulturako 2. saria eta pinturako 3. saria irabazi zituen. Hainbat irudidun liburu argitaratu ditu, Dani Martinera idazlearekin batera. Idazle-ilustratzaile bikote honek 2018ko Etxepare Album Ilustratu saria eskuratu zuen, hain zuzen, Cosimoren katiuskak (Pamiela, 2018) obrarekin. Hala ere, ez zen sari honetara aurkeztu zen lehen aldia: izan ere, aurretik, egileek hainbatetan saiatu ziren helburu honetan. Hankaz gora du amak mundua (Liburu Iletsuak, 2015) eta Jonek Jone izan nahi du, (Liburu Iletsuak, 2017) liburu irudidunak sariketara honetara aurkeztu zituzten. Saria eskuratu ez, baina Ibañezek ilustratu eta Martiarenak idatzitako bi liburu hauek autoekoizpenaren bidetik plazaratu zituzten. Horretarako, “Liburu Iletsuak” zigilua sortu zuten. Aipatutako hiru izenburuak, gainera, Euskadi Literatura Sarietan hautagai izan dira, Haur eta Gazte Literaturaren alorrean. 2020an argitaratu zen Ibañezek ilustratu eta Martiarenak idatzitako azken albuma: Amonarenean Kea. Hau ere autoekoizpenaren bidetik plazaratu zuten.

Ilustratzailearen Txokoa

2012ko urrian, Aiete Kultur Etxean Ilustratzailearen Txokoa ireki zenetik, bertatik ilustratzaile klasiko eta berriak igaro dira: Iban Barrenetxea, Eider Eibar, Elena Odriozola, Antton Olariaga, Maite Gurrutxaga, Aitziber Alonso, Jokin Mitxelena, Estibalitz Jalon, Jon Zabaleta, Belen Lucas, Leire Urbeltz, Marrazioak topaketetako artistak, Asun Balzola, Iñaki Martiarena Mattin, Ainara Azpiazu Axpi, Concetta Probanza, Unai Zoco, Begoña Durruty, Dani Maiz, Lorena Martinez, Idoia Beratarbide, Tomas Hernandez Mendizabal, Iraia Okina, Dani Fano, Andrea Escargot, Iker Ayestaran eta Yolanda Mosquera, Asier Iturralde, Miren Asiain, Paul Caballero eta Irrimarra bikotea. Orain, Ana Ibañezen txanda da.

Zabaldu: