Taldeak 1990eko hamarkadaren erdialdean bere estilo propioa finkatzeko mugarri izan zen bigarren diskoa osorik joko du Euskal Herriko bost aretotan. Bira amaitutakoan, atsedenaldi mugagabea hartuko dute.
Anestesia taldea Erantzun bigarren LParekin 30 urte bete direla ospatzen ari da. Laukotearentzat zein jarraitzaileentzat disko berezia da, 1990eko hamarkadaren erdialdean Anestesiak bere estilo propioa finkatzeko urrats garrantzitsua izan baitzen.
Urteurrena ospatzeko lehen pausoa diskoaren argitalpen berezia kaleratzea izan da: Erantzun remasterizatuta, diseinu berrituarekin eta 180 gramoko biniloan argitaratu dute.
Orain, ospakizuna oholtzetara eramango dute. Urrian hasi eta abenduan amaituko den bira laburrean bost kontzertu eskainiko ditu Euskal Herriko aretoetan. Emanaldi horietarako orain arte eskaini ez duten kantu zerrenda berezia prestatu dute: Erantzun diskoa osorik joko dute, taldearen beste hainbat kanturekin batera.
Bira amaitutakoan atsedenaldi mugagabea hartuko duela iragarri dute; hortaz, denboraldi batean Anestesia zuzenean ikusteko azken aukerak izango dira bost emanaldi horiek. Bira urriaren 10ean abiatuko dute Bilboko Kafe Antzokian; urriaren 24an Biarritzeko Atabalen ariko dira; azaroaren 14an Azpeitiko Sanagustin kulturgunean; azaroaren 21ean Atarrabiako Totem aretoan; eta abenduaren 19an Gasteizko Jimmy Jazz aretoan amaituko dute. Bilboko eta Azpeitiko kontzertuetarako sarrerak agortuta daude dagoeneko; gainerakoetarako, berriz, oraindik eros daitezke.