Bilboko Jaialdiak Cruzen zinema konprometitu eta soziala aitortu nahi izan du. Iazko edizioan Nudo Mixteco bere azken filmak Lesbianismo eta Genero saria eskuratu zuen. Oaxakako zuzendaria Bilbon egongo da Inaugurazio Ekitaldian, ekainaren 26an Arriaga Antzokian.
Bilboko Zinegoak jaialdiak Angeles Cruz Oaxakako gidoigile eta aktorearen lana goraipatu nahi izan du, jaialdiaren Ohorezko Saria emanez. Cruz Oaxaka eta Mexikoko zinemagintzaren erreferenteetako bat da eta iazko edizioan, Nudo Mixteco bere azken lanak Lesbianismo eta Generoaren saria jaso zuen. 20. urteurren honetan saria DAMA erakundeak babestuko du, egile-eskubideen kudeaketarako erakundeak, eta jaialdiaren babesle nagusietako bat izango da.
Alaitz Arenzana jaialdiaren zuzendari artistikoaren hitzetan, “haren ahotsak badu zilegitasuna normalean ikusten ez ditugun gaiez jarduteko, eta balio zinematografiko ukaezina dauka, betiere diskurtso konprometituaren zerbitzura. Hori dela eta, gure sari gorena eman nahi diogu, beraren lan artistikoa eskertzeko eta konpromiso soziala aitortzeko”.
Cruz oso hunkituta agertu da aitortzarekin, “besarkada handi hau mundu indigenako komunitateetatik gatozen pertsonengatik ere jasotzen dut. Ur tantak baino ez gara, baina ur emaria osatzen dugu, bidea egiten ari garelako komunitatea eginez”.
San Miguel el Granden (Oaxaca) jaiotako zinegilea bere inguruarekin konprometitutako sortzailea da. Bere zinemagintzan kostunbrismoa saihesten ahalegintzen da landa-eremuko eta komunitate indigenetako errealitateak irudikatzen dituenean. Ausardia handiz atera ditu argitara komunitate indigenetako istorio ezkutuak. Bere lanen bidez, istorio horiei heltzeko eta eraldatzen hasteko elkarrizketa- eta borroka-esparruak sortzen ditu. Elkarrizketa berriei bide emateko premiak bultzaturik, honelako gaiak lantzen ditu, besteak beste: emakumeen aurkako indarkeria, haurren abusua, matxismoa, marjinalitatea, pobrezia eta sexu-aniztasuna.
Oaxacako Miguel Cabrera Heziketa Zentroan ikasi zuen, eta, gero, Antzezpenean lizentziatu zen, Mexikoko Arte Ederren eta Literaturaren Institutu Nazionaleko Antzerki Artearen Eskolan. 1994an ekin zion bere aktore-ibilbideari, Åsa Faringer eta Ulf Hultberg zuzendarien La hija del puma filmarekin, eta, handik aurrera, hainbat telesail eta film luzetan parte hartu zuen. 2011n, bere istorio propioak idazten eta zuzentzen hasi zen.
Bere lehen film laburrean, La tiricia o cómo curar la tristeza (2012), komunitate indigenetako haurren abusuarekin eta emakumeen aurkako indarkeriarekin loturiko istorio ezkutuez jardun zuen. Film hari esker, lehenbizikoz jaso zuen Mexikoko industriaren aitortza: 2013an, Ariel saria eman zioten.
Bigarren lana ere antzeko kezka batetik abiatuta sortu zuen. Elkarrizketa batean entzun zuen komunitateetan ez zegoela lesbianarik, eta, orduan, kameraren aurrean jarri, eta La carta (2014) zuzendu zuen; istorio horretan, bere komunitatera itzultzen da emakume bat, aspaldiko maitale batekin elkartzeko, eta gogora ekartzen du sekula ez zutela izan aukerarik beren harremana modu irekian bizitzeko.
Arcángel (2018) lanean, mendekotasuna duten bi pertsona ekarri zituen pantailara, biak ere baztertuak eta baliabiderik gabeak. Hala, etsi-etsian saiatuko dira beren beharrentzako konponbide bat bilatzen, arbuiatzen eta uxatzen dituen sistema bat aurrez aurre dutela.
Lehen lan haien ondotik, film luze bat egiteko ideia mamurtzen hasi zen: Nudo Mixteco (2021), Cruzen opera prima. Bere komunitatean egin zuen, oso-osorik, eta normalean modu irekian azaltzen ez diren gai konplexuez dihardu, hala nola haurren abusua edo komunitate indigenetako harreman lesbikoak. Film laburretan landuak zituen gaiak dira, eta filmean haietan sakontzen jarraitu zuen. Hala, herrira itzultzen diren emakume batzuei buruzko film bat da; funtsezko premia batek bultzatuko ditu beste espazio batzuetan bizitzera, garatzeko, eta, itzultzean, sentituko dute jada ez direla hangoak. Maria, Chavela eta Toña dira filmeko hiru istorioen protagonistak; hiru istorioek bat egingo dute herriko jaietan. Cruzek bigarren Ariel saria jaso zuen film honi esker; oraingoan, film luzeen sailean. Mugarri bat zuzendariaren ibilbidean.
Angeles Cruz Bilbon izango da saria jasotzeko, Arriaga Antzokian antolatuko den irekiera ekitaldian, ekainaren 26an. Bezperan, solasaldi batean parte hartuko du Bilborocken, Irantzu Varela kazetariarekin batera, Bilborocken, eta ostean bere hiru lan ikusteko aukera egongo da. Horrez gain, jaialdiak irauten duen bitartean ziklo berezi bat ikusteko aukera egongo da BilboArten.