(argazkia: Eusko Ikaskuntza)

‘Aniztasuna eta bizikidetza Nafarroan: euskara eta nazio identitateak’ liburua aurkeztu dute

Aurkeztutako lanak Aniztasunaren Kudeaketa Demokratikoa Nafarroan lan programaren ondorioak eta proposamenak biltzen ditu, azken lau urteetan Eusko Ikaskuntza eta Nafarroako Gobernuaren, Euskarabidearen bidez, elkarlanaren emaitza da.

Eusko Ikaskuntzak eta Nafarroako Gobernuak Aniztasuna eta bizikidetza Nafarroan: euskara eta nazio identitateak izeneko liburua aurkeztu dute Iruñeko Kondestable Jauregian.

Argitalpenak Aniztasunaren Kudeaketa Demokratikoa Nafarroan izeneko lan programa parte-hartzaile, deliberatibo eta irekiaren deskribapena, ondorioak eta proposamenak jasotzen ditu. Proiektuak bi ardatz izan ditu: Nafarroako gizartearen berezko aniztasunean bizikidetza eta haren kudeaketa demokratikoa, gutxieneko oinarri adostuak bilatuta.

Aurkezpenaren hasieran, Isabel Elizalde Eusko Ikaskuntzaren ordezkariak nabarmendu duenez, “Eusko Ikaskuntza, bere ibilbide, ezaugarri eta izaeragatik, bereziki prestatuta dago honen mailako ikerketak egiteko. Gizarte-kohesioari laguntzea berezko aniztasunaren barruan” helburu estrategikoari jarraiki, Aniztasunaren Kudeaketa Demokratikoa Nafarroan izan da azken urteotako erakundearen proiektu nagusietako bat.

Amaia Nausia proiektuaren arduradunak laburbildu du 2019an hasierako diagnostikoa egin zenetik egindako ibilbidea. Diagnostiko horretan espezialistek parte hartu zuten, Nafarroako Baztan, Berriozar eta Castejon herrietan Herritarren Mahaiak eta Gizarte Foroak deitu aurreko urrats gisa. Hurrengo faseetan, Eusko Ikaskuntzaren Talde Eragilearen gidaritzapean, eragile sozial, politiko eta sindikalek, aditu akademikoek, Administrazioaren arduradunek eta, oro har, herritarrek erantzun zioten galdera honi: Posible al da Nafarroako gizartean bizikidetza eraikitzea aniztasuna errespetatuz? Horri erantzuteko, bilerak, jardunaldiak eta mintegiak antolatu ziren, gizarte-, kultura- eta politika-arloetako kolektibo eta pertsonen iritzia bildu zen eta, azkenik, Nafarroako gazteen ahotsa entzun zen. Adierazitako kezka eta iradokizunekin, eta ideologia desberdinetako pertsonekin kontrastatu ondoren, Talde Eragileak hainbat proposamen egin ditu Administrazioari, Nafarroako gizarteari eta alderdi politiko guztiei zuzenduta.

Liburuak ikerketaren oinarri teorikoak eta agertu diren arrazoiak eta analisiak biltzen ditu. Emaitzarik esanguratsuenen artean, Julen Zabalo zuzendari zientifikoak nortasun nafarra badagoela nabarmendu du, “mundu guztia harro dago nafarra izateaz”. Onartzen da Nafarroa plurala dela, baina, hala ere, kultura demokratiko sendo baten falta sumatzen da, identitate sinbolo zilegi guztien onarpena bermatuko duena. Herritarrak kexu dira eztabaida sozial eta politikoan elkarrekiko errespeturik ez dagoelako.

Lanaren emaitza erabakigarrienetariko bat da euskal zein espainiar nazionalismoek nazio identitaterako ezaugarri gisa hizkuntzari ematen dioten garrantzia dela eta, nazio proiektuen arteko lehia euskaran gauzatzen dela. Euskal nazionalismoak uste du euskara nafar guztien hizkuntza dela, eta beraz, lurralde osoan bultzatu behar dela. Gainera, modu inplizitoan, uste du euskararekin batera eragin politikoa ere zabalduko duela. Paradoxa bada era, espainiar nazionalismoak bat egiten du ideia horrekin, eta beraz, ez du interes berezirik euskara biztanleria osoari hedatzeko. Azterketa honek uste du ideia hori ez dela zuzena, eta nekez heldu ahal izango dela hitzarmenetara bi nazionalismoek, eta haien ordezkari politikoek, ez badute gogoeta egiten horretaz, zeinaren ondorioz euskara, zoritxarrez, eztabaida eta mesfidantza iturri bihurtzen baita.

Euskara Nafarroako hizkuntzetako bat dela aho batez onartzen dela kontuan hartuta, eztabaida arrazionala eta adostasun soziopolitikoa bultzatzeko diskurtso berriak sortzea proposatzen da, hiru ardatz hauen inguruan: euskararen ofizialtasuna lurralde osora zabaltzea, bi hizkuntzen berdintasun printzipioan oinarrituta; herritar guztiei, pixkanaka, euskararen gutxieneko ezagutza bermatuko dieten hezkuntza-ereduak sustatzea; eta administrazio publikoko lanpostuetan euskararen balorazioari buruzko eztabaida arrazionala eta lasaia.

Azterlanaren arabera, “Nafarroan bi proiektu nazional daude identitate nazional desberdinei bide ematen dietenak eta zilegi da haien helburuen bilaketa demokratikoa. Homogeneizatzeko asmoak alferrikakoak eta bizikidetzarako kaltegarriak dira”, jasotzen da ondorioetan. Giro polarizatuegia gainditzeko, lehia demokratikoaren arauak gehiago errespetatzearen alde egiten da. Horretarako, barne-komunikaziorako, eskualdeen arteko, herritarrentzako eta abarretarako espazioak sor litezke, Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko elkarrizketa errazagoa izan dadin eta Administrazioa gehiago deszentralizatu dadin.

Zabaldu: