Anjel Lertxundi idazlearen obra erdigunean EHUko Uda Ikastaroetan

Ikastaroa ekainaren 29an eta 30ean egingo da, Donostiako Miramar jauregian eta bi helburu nagusi izango ditu: idazlearen obra ezagutaraztea, horren oparotasuna eta kalitatea nabarmenduz; eta Lertxundiren literaturgintzak ikergai gisa duen interes handia agertzea, ikerketa eremu berriei ateak zabalduz.

Anjel Lertxundi, idazlea eta obra Uda Ikastaroak euskal literaturaren izen handi bat eta bere obra jarri nahi ditu literatura ikasketen erdigunean ekainaren 29an eta 30ean, Donostiako Miramar jauregian. Ikastaro honek bi helburu nagusi izango ditu: Lertxundiren obra ezagutaraztea, horren oparotasuna eta kalitatea nabarmenduz; eta Lertxundiren literaturgintzak ikergai gisa duen interes handia agertzea, ikerketa eremu berriei ateak zabalduz.

Uda Ikastaroak ikasle eta ikertzaile gazteei ez ezik, Lertxundiren obran interesa duen publiko zabalari ere zuzenduta dago. Hain zuzen, hitzaldi akademikoez gain, bestelako ekarpenak ere egongo dira, eta idazleak berak ere parte hartuko duela nabarmendu dute sustatzaileek.

Mende erditik gorako ibilbidean, Lertxundik obra aberatsa osatu du, sari entzutetsuak jaso ditu (Euskadi, Espainiako Nazionala, Rosalia de Castro, etab.), eta ezinbestekoa da literatura ikerketen esparru akademikoak hori aztertzea eta etorkizuneko ikerketei ateak zabaltzea.

Asmo horrekin, ikastaroak punta-puntako aditu eta hizlariak bilduko ditu: Lourdes Otaegi, Beñat Sarasola, Idoia Santamaria, Jorge Gimenez, Ainhoa Fernandez de Arroiabe, Iñaki Lazkano, Antton Olariaga, Andoni Egaña, Iratxe Retolaza, Nerea Arruti, Xabier Etxaniz Erle, Karla Fernandez de Gamboa eta Juan Kruz Igerabide dira horietako batzuk. Ponentziek Lertxundiren obraren alderdi askotarikoak jorratuko dituzte: nobela, saiakera, haur eta gazte literatura, zinemagintza… Gaur egun indarrean dauden ikerketa ikuspegiak oinarritzat hartuta: genero ikasketak, gatazkaren azterketa, ikasketa kulturalak, ahozkotasuna, eta beste.

Horrekin batera, Lertxundik euskal kulturgintzan eta irakurleengan duen onarpen zabalari omenaldia egiteko asmoz, parte-hartze bereziak izango dira: idazleari zuzeneko elkarrizketa, irakurketa musikatua, eta, itxiera gisa, Lertxundiren beraren hitzartzea.

Izena emateko, hemen.

Zabaldu: