Bizkaiko Ikastolen aldeko festa Ondarroan atzo (argazkia: Ibilaldia)

Ikastolen Elkarteak eta Eusko Ikaskuntzak jasoko dituzte 2023ko Elkar Sariak

Maiatzaren 25ean, Adunako Elkar Fundazioaren egoitzan, 19:00etan, egingo den ekitaldian jasoko dituzte sariak bi erakundeek. Hil berria den Joan Mari Irigoien gogoan eta hura omenduz egingo da ekitaldia.

Ikastolen Elkarteak eta Eusko Ikaskuntzak jasoko dituzte 2023ko Elkar Sariak. Lehenari Ibilbideari Elkar Saria emango diote eta bigarrenari, berriz, Proiektuari Elkar saria. Halaxe jakinarazi du gaur, ohar baten bidez, Elkar Fundazioak.

Ikastolen Elkarteak ilusio handiz jaso du albistea, “Euskal Herria euskalduntzeko ahaleginean Ikastolen Elkarteak egin duen bide luze eta ekarpen handiaren aitortza da”, adierazi dute. Elkar Fundazioaren esanetan, “aurreko mendeko 60ko hamarkadan, euskara eta euskal kultura zokoratuta eta galarazita zegoen garaian, hainbat euskaltzale euskaraz ikasteko eskolak eraikitzen hasi ziren, ikastolak eraikitzen hasi ziren. Mugimendua herriz herri zabaltzen joan zen eta ikastola sare zabala eraiki zen, Ikastolen Elkartea egituratuz. Nazio mailako erakundea da, Euskal Herriko zazpi lurraldeak bere baitan hartzen dituena, eta juridikoki interes ekonomikoko europar elkarte gisa egituratua”.

Ikastolen sarea eta Ikastolen Elkartea Euskal Herriko hezkuntza euskalduntzen joateko ernamuina izan zirela pasa den mendeko 60 eta 70eko hamarkadetan nabarmendu du fundazioak. “Haien ekarpena ezinbestekoa izan da hezkuntza euskaldunaren bidean eta euskararen berreskurapenerakoan, beste hainbat eragilerekin batera, eta gure ustez merezimendu osoa dute sari hau jasotzeko”.

Ikastolek hezkuntza euskalduntzeko egindako ekarpenaren parte da eskolarako materiala sortzeko egindako lana, eta horretan 70eko hamarkadatik aurrera Ikastolen Elkartearen eta Elkar Taldearen artean izandako harremana aipatu nahi izan dute, non erakunde bakoitzak bere jakintza eta baliabideak jarrita, euskal curriculuma erreferente duen ikasmateriala eskaini dioten hezkuntza komunitate osoari, Euskal Herrian eta euskaraz sortutako materiala.

“Bide luzea eta ekarpen handia Euskal Herria euskalduntzeko bidean Ikastolen Elkarteak egin duena. Horregatik, bada, erabaki dugu 2023ko Ibilbideari Elkar Saria ematea Ikastolen Elkarteari”.

Proiektuari Elkar saria

“Kultur politiken azterketa” proiektua garatzeko, Eusko Ikaskuntzak jasoko du 2023ko Proiektuari Elkar Saria. Proiektu hori erakundea 2021etik lantzen dabilen Eskubide Kulturalak: `Parte-hartze eta Gobernantzarako politikak lan- eta iker-lerroaren baitan txertatzen da.

Fundazioaren arabera, “Euskal kultura nabarmen baldintzatzen du txikia eta gutxitua izateak, eta XXI. mendeko munduan are eta konplikatuagoa izaten  ari da haren garapena, transmisioa eta biziraupena bera. Mundu globalizatu honetan, kultura nagusiek gero eta leku zabalagoa hartzen ari dira batera eta bestera. Kultura txikiek, berriz, gero eta zailtasun handiagoak dituzte haien burua erakusteko”.

Kultura txikietan  -gutxitua izan ala ez-, garatzen ari diren kultur politikak aztertu eta ezagutzea da proiektu horren bidez lortu nahi dena. Zein dira kultura txikietan garatzen ari diren kultur politikak? Nola ari dira aurre egiten gure inguruko beste kulturak globalizazio eta digitalizazio garaiotan lekua egiteko eta bakoitzak bere herrian zentraltasuna izateko? Herri eta kultura horietan garatzen ari diren kultur politikak ezagutzea da helburua, hemengo eskarmentua eta errealitatea kontuan hartuta, lagungarri izango delakoan, Euskal Herrian eragile guztien artean adostutako kultura politika garatzen joateko.

Maiatzaren 25ean, Adunako Elkar Fundazioaren egoitzan, 19:00etan, egingo den ekitaldian jasoko dituzte sariak Ikastolen Elkarteak eta Eusko Ikaskuntzak. Hil berria den Joan Mari Irigoien gogoan eta hura omenduz egingo da ekitaldia.

Zabaldu: