Anjel Lertxundik ‘Gilles de Rais’ liburua aurkeztu du

“Eleberri labur zeharo umotua da Lertxundik dakarkiguna, inguru tragiko batean gauzatzen den peripezia batzuetan lazgarria, beste batzuetan groteskoa, inoiz komikoa ere bai”.

Anjel Lertxundi (Orio, 1948) idazleak, Jorge Gimenez Bech Alberdania argitaletxeko editoreak lagunduta, Gilles de Rais eleberria aurkeztu du, gaur bideokonferentzia bidez. Argitalpen berri honekin Lertxundik fikzioaren bidea berreskuratu du hiru urteren ostean, izan ere, bere azken lana Itzuliz usu begiak (2019) saiakera izan zen.

Gilles de Rais pertsonaiaren bigarren bisita dugu eleberri hau Lertxundiren narraziogintzan; lehenengoa, duela hogeita bost urte argitaratu zuen Piztiaren izena narrazio-bilduman. Editoreak azaldu duenez, eleberri honen irakurleak ipuin hartako giroa ezagutuko du, “hirugarren karlistaldia, zehazki esanda, hala nola atrezzoko osagaiak eta hainbat pertsonaia ere”. Baina, Gimenezen arabera,  horraino iristen dira eleberri honen eta ipuin haren arteko ahaidetasunak: “eleberri labur zeharo umotua da gaur Lertxundik dakarkiguna, inguru tragiko batean gauzatzen den peripezia batzuetan lazgarria, beste batzuetan groteskoa, inoiz komikoa ere bai”.

Vincent antzerkilari frantsesak, kontakizunaren pertsonaia nagusiak, militar karlista baten enkargua onartzen du, eta izenez ere ozta-ozta ezagutzen dituen Nafarroako lurraldeetan barrena ibiliko da, berariaz sortutako antzezlan baten bitartez soldaduak Karlos VII.aren kausaren alde adoretzen. Gilles de Rais mariskal pedofiloak, Arc-eko Juanaren lagun eta armakideak, bere tokia erreklamatuko du pixkanaka-pixkanaka antzerkitik gero eta gutxiago duen obran.

Lertxundiren arabera, “mito faustikoa dago eleberriko historiaren muinean”, Vincent antzerkigileak, nolabait, bere arima saltzen baitu, kasu honetan diruagatik, eta ez deabruari, baizik eta militar karlista batzuei: “Faustoren mitoa modu ugaritan landu da literaturan. Marloweren Faustok, adibidez, arima saltzen du jakituaren aldeko apustuan, baina Goethek giza sekretuak ezagutzeko grina asetzeko gogoa jartzen du Faustok deabruarekin egiten duen tratuaren sorburuan, eta, gure garaitik gertuago, arte gorena menderatzea darabil Thomas Mannek arima saltzeko arrazoitzat. Vincent, eleberriko protagonista, antzerkilaria da, Victor Hugo zalea eta artearen maitalea, eta diruaren truke saltzen ditu bere artea eta duintasuna”, azaldu du idazleak.

Horrelako tratu batek izan dezakeen gizartearen balorazio moralak nobelan hartzen duen tokiari buruz, “beti gertatu da nork bere arima diruagatik saltzearena”, dio idazleak, “baina gaizki ikusia zegoen. Modernitatean, ordea, nagusitu egin den jarrera da, ondo ikusia dago. Hori da aldea, baina Gilles de Rais ez da eleberri moral bat, zentzu betean; gehiago du norberaren hautuen inguruneari buruzko gogoetatik. Ez dezagun ahantzi gerra gogor baten muin-muinean kokatzen direla gertaerak, eta errealitate horren barruan eta perspektibarik gabe mugitzen dira narrazioko pertsonaiak, errealitateak irentsita eta beren patua menderatu ezinik”.

Lertxundik eleberri honetan propagandari eta literaturaren manipulazioari ere begiratzen diola dio Gimenezek, “botereak beti izan ohi du artegintzaren giltzarriak kontrolatzeko grina sendoa, eta artista aliatu eta konplize bihurtzeko joera, eta bide horretan barrena abiatzen da nire nobela hau ere”, azaldu du idazleak.

Aurkezpena amaitzeko, Gimenezek iragarri du bizi garen egoera zailean Alberdania argitaletxeak liburuaren eta irakurketaren aldeko apustu berezi bat egin nahi duela: “maiatzaren 27an, Gilles de Rais liburua formatu elektronikoan erdi-prezioan (4,22 eurotan) eskuratu ahal izango du hala nahi duenak, Alberdaniaren web-gunean”.

Zabaldu: