Anodino Teatroa ‘ Obsoletus’ antzezlanari azken ukituak ematen ari da

Estreinaldia apirilak 28an izango da, Getxoko Muxikebarri Zentroan.

Komedia politiko batekin dator Anodino Teatroa: Obsoletus. Aitor Fernandinok idatzi du testua eta Paco Revueltas ari da zuzendaritza lanetan. Taula gainean, berriz, Aiora Sedano, Juanjo Otero eta Aitor Fernandino aktoreak ikusteko aukera egongo da apirilaren 28tik aurrera, egun horretan bertan izango baitu estreinaldia antzezlanak Getxoko Muxikebarri Zentroan.

Lantaldeak azaldu duenez, “azkeneko gatazkei begirada azkar bat besterik ez dugu egin behar konturatzeko hedabideek, erantzule politikoek eta gatazkan erlazionatutako taldeek berehala erabiltzen dutela hitz hori, biolentzia, edozein gizarte mugimendu estigmatizatuz. Hitz bitan, indarkeria mota oro, nahiz eta intentsitate gutxikoa izan, zaharkitua bilakatu da, obsoletoa. Gizartea ere, orokortze honen biktima izan da eta aldarrikapenak deuseztatzen ditu kaleratzen direnean, gatazka honen balantza zeharo desorekatuz”.

Antzezlanak langile gatazka batean eta boterea galtzean oinarritzen da. Ione eta Elias 168 egun eta gero, lantegiaren ixtearekin sortutako protesta mantentzen duten bakarrak dira, baina itxialdia behea jota dago, guztiz ahulduta. Hori gutxi balitz, haien arteko erlazioa hautsita dago. Txarli agertzen denean itxaropentsu agertuko dira berriro. Hitzarmenak lortu ditu azkenean, baina baldintza bat dago: lantegia utzi behar dute lehenbailehen. Proposamen hau guztien artean eraikitako gezurrek etengabeko suntsiketa eragingo du. “Langileak zaharkituak daude, aurrez galdutako partida bat jokatzen ari dira”, azaldu dute Anodinoko kideek. “Agian moduak ez daude zaharkituak. Agian zaharkituta dagoena aldarrikapenak izatea besterik ez da”. Obsoletus gatazka bat kontatu nahi duen komedia politikoa da, baina Anodino Teatroaren sena galdu gabe, “euskarazko komedia bat, lotsagabea eta ausarta”.

Zabaldu: