Euskaltzaindiak bost egitasmo antolatu, sustatu edo babestuko ditu ondorengo hilabeteetan 100. urteurrenarekin bat eginez eta guztiek euskal kulturarekin lotura daukate. Hainbat talde edo konpainiarekin elkarlanean egin izan dira proiektuak, mendeurrenak irauten duen bitartean plazaratuko direnak.
Egitasmoak: Tartean Teatroaren Ghero antzezlana; Aukeran Dantza konpainiaren Biz Hitza ikuskizuna; Bilboko Koral Elkartearen Mende berria kantuz emanaldia; Astelehen–Astearte Buruzuriak kontzertu zikloak eta Euskal literatura zaharrari buruzko hitzaldia Martuteneko kartzelan ikuskizuna Bernardo Atxaga eta Jose Cruz Gurrutxagarekin.
Ekintza artistikoak datorren astean abiatuko dira Arantzazun. Horrela, Urriaren 4an, irakurraldi dramatizatua egingo dute Atxagak eta Gurrutxagak, eta 5ean Mende berria kantuz kontzertua eskainiko du Euskeria abesbatzak, Donostiako Orfeoi Gazteak eta Lauko Quartet-ek lagunduta.
Andres Urrutia euskaltzainburua adiarazi duenez, “Hizkuntzak ez dira bakarrik hitzak, arauak, gramatika…. Hizkuntza kultura jakin baten hari eroalea ere bada, bide erakusle, eta euskara askozaz ahulagoa litzateke euskarari bizitza ematen dioten askotariko kultura-jardueren laguntzarik gabe. Guk euskal kultura zabala eta modernoa nahi dugu, eta horren apustua egin dugu mendeurrenean, punta-puntako eragileekin elkartu garela horretarako: esan Aukeran, Tartean, Bilboko Korala, Atxaga bera… eta gure musikari fin eta ausartak, euskaraz kantatzen tematzen direnak. Horiekin guztiekin bat egiten dugu gure bi helburu nagusietan: euskara hauspotzea eta euskal kultura moderno eta kalitatezkoaren alde egitea euskararen herrialde osoan”.