(argazkia; Arabako Bertsozale Elkartea)

Apirilaren 1ean abiatuko da Arabako Bertsolari Txapelketa Amurrion

Lehiaketa ekainaren 11ra arte luzatuko da. Gasteizko Europa Biltzar Etxeko Maria de Maeztu Auditorioan izango da finala.

Arabako Bertsozale Elkarteak asteburu honetan aurkeztu du aurtengo Arabako Bertsolari Txapelketa Laudioko Aiaraldea Ekintza Faktorian. 2019ko Txapelketa izan zen azkena eta bertan Arabako bertsogintzak egin duen bidea goraipatu nahi izan zuten. Aurtengo edizioan ere bide horri eutsi nahi diotela iragarri dute. Urteetan zehar eraikitzen joan diren zubi eta pausuen garrantzia goraipatuz.

Egoitz Iradier Elkarteko sustapen arduradunak eman ditu txapelketari buruzko xehetasunak aurkezpenean. Ondoren, Serapio Lopez Ortuetak hartu du hitza, orain 40 urte Arabako bertsogintzako ibilbideari ekin ziona eta lehenik ikasle eta ondoren irakasle izan dena. Azkenik, Unai Mendibil Aiaraldeko bertso eskolako ikasle hasi eta egun irakasle dabilena. Aurtengoan, 40 urteko ibilbidea eta gero, Laudioko Faktorian Bertso Eskola talde berria sortu da eta berak gidatzen du.

Hala, txapelketako lehenengo final zortzirena apirilaren 1ean jokatuko da, Amurrioko Kultur Etxean eta ekainaren 11an bukatuko da, Gasteizko Europa Biltzar Etxean. Bost final zortziren, hiru final laurden, bi finalerdi eta finala izango dira denetara. Final zortzirenak: Amurrio, Biasteri, Trebiñu, Legutio eta Langraizen. Finala laurdenak: Dulantzi, Zigoitia eta Aramaion. Finalerdiak: Araia eta Izarran eta finala, lehen aldiz, Gasteizko Europa Biltzar Jauregiko Maria Maeztu auditorioan.

Orotara Arabako 30 bertsolarik hartuko dute parte aurtengo edizioan, 2019ko Arabako Bertsolari Txapelketaren finalean kantatu eta izena eman duten bost finalistek gehi izena eman duten hogeita bost bertsolari gehiagok. 30 bertsolari arituko dira final zortzirenetan, 18 final laurdenetan, 12 bertsolari finalerditan eta 6 bertsolari finalean. Bertsolari bakoitzak behin baino ez du kantatuko fase bakoitzean. Finalerdiak eta finala aretoetan, bost saio eta finala izango dira.

Arabako Bertsolari Txapelketaren jarraipena era ezberdinetan egin ahal izango da: www.bertsozale.eus/araba webgunearen bidez, www.bertsoa.eus atariaren bidez edota sare sozialen bidez. Sarrerei dagokienez, www.bertsosarrerak.eus webgunean eskura daitezke dagoeneko.

Zabaldu: