(argazkia: Etxepare Euskal Institutua)

Euskal zinema garaile izan da Nantesko zinemaldian

Leire Apellaniz eta Marc Sempereren Canto cósmico. Niño de Elche lanari dokumental onenaren saria eman diote. Maixabel lanak film onenaren saria eta publikoaren saria jaso ditu.

“Atzo bukatu zen Nantesko zinemaldiak zapore gozoa utzi dio euskal zinemari”, Etxepare Euskal Institutuaren esanetan, izan ere, banatu diren zazpi sarietatik lauk euskal protagonistak dituztela eman du ezagutzera.

Maixabel (2021), Kowalski Films donostiarrak ekoitzitako lanak, film onenaren Jules Verne saria eta publikoaren saria jaso ditu. Film batek bi sari hauek jasotzen dituen bigarren aldia da jaialdiaren historian.

Marc Sempere eta Leire Apellanizen Canto cósmico. Niño de Elche-k (2021), berriz, dokumental onenaren saria irabazi du. Azkenik, Loop film laburrak, Bilboko Unikok ekoitzia, labur onenaren saria jaso du.

Nantesko zinemaldian urtero egiten den Fenêtre Basque (Euskal Leihoa) zikloa Euskal Herritik kanpo aurki daitekeen euskal zinema programazio zabalenetakoa da. Atal honek urteko euskal ekoizpen nabarmenen eta, oro har, euskal zinemagile garrantzitsuenen lanen hautaketa bat proposatzen du.

Guztira, hamabost lan aurkeztu dira aurtengo edizioan, martxoaren 8tik 20ra bitartean: bost film luze, bederatzi labur eta telesail bat. Horietatik bost ekoizpen sail lehiakorretan ere egon dira.

Jaialdiak urtero 27.000 ikusletik gora biltzen ditu, baita kritikari eta industriako profesionalak ere. 2020eko edizioa osasun egoeragatik bertan behera utzi ostean, eta 2021eko edizio hibridoa eta gero, jaialdia aurrez-aurre egin da aurten. 31. edizio honetan 60 film ikusi dira eta 40 gonbidatuk hartu dute parte.

Nantes da euskal zinema gehien ikusi eta baloratzen duen Europako hirietako bat. Izan ere, Fenêtre Basque atalak 21 urte bete ditu aurten eta euskal zinemako izen handiak pasa dira bertatik euren lanak aurkeztu eta publikoarekin solasean aritzeko.

Zabaldu: