Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea hastera doa: 20 saio jokatuko dira, bi itzulitara. 74 bertsolari ariko dira kantuan, eta horietatik 48 sailkatuko dira bigarren itzulirako; udazkenerako txartela, aldiz, 34 bertsolarik lortuko dute.
Gipuzkoa Bertsotanen aurtengo edizioa apirilaren 25ean hasiko da eta ekainaren 2ra artean 20 saio jokatuko dira, bi itzulitan. Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak aurreko bi hilabeteetan aurreratu duenez, “aurtengo edizioak berezitasun ugari dakartza. Batetik, bere iraupena: hilabete eta erdi pasatxo iraungo du, 20 saio jokatuko baitira. Saioak bikoitzak izango dira, lehen itzuliko lehena eta azkena izan ezik. Lehen itzulian 12 saio izango dira, ostegun eta ostiraletan; bigarrenean, aldiz, 8, larunbat eta igandeetan”.
Berritasunen artean txapelketaren formaren aldaketa ere nabarmendu Bertsozalek, “ariketetan berritasunak daude, eta horien lanketaren atzean egon da Bertsogintza Batzordea, Talde Antolatzailearen baitan.
Bestalde, txapelketako sailkapen fase hau gauzatu dadin Elkarteak adierazi du ezinbestekoa dela lehengaia egotea: “bertsolariak, antolatzaileak, gai-jartzaileak, epaileak eta, oro har, bertsozaleak. Bertsolaritzaren ekosistema honetan lehengai hori sortzen dutenen lana eskertu eta lan horren aitortza egin nahi diegu bertso-eskolei: jakitun baikara beraiek direla aipatutako ekosistema horren eusle”.
Aurtengo irudia eta mezua ildo horretatik diseinatu dituzte. Unai Gaztelumendiren irudiak bertso-eskoletako lehen belaunaldi inguruko irudiak dakartza, behean Uztapide duela. “Zuri-beltzeko argazki horretatik gaur eguneko bertso unibertsora heltzeko ezinbesteko pausoa izan dira bertso-eskolak, eta horixe irudikatu nahi du, hain zuzen ere, Gaztelumendiren irudiak”.
Honi lotuta, txapelketaren beste berritasunetako bat da saio bakoitzaren ostean afari-merienda antolatuko dutela tokian tokiko bertso-eskolek. “Keinu hori, aurtengo txapelketaren mezuarekin bat dator, bertso-eskolak erdigunean jartzen baititu, eta bertsoaren unibertsoa zabaltzen baitu”.
Saio guztietarako sarrerak salgai jarri dituzte jada, bertsosarrerak.eus atarian.