(argazkia: Bertsozale Elkartea)

Maiatzaren 6an abiatuko da Señora Sariketaren hirugarren edizioa

Bilbon eta Erratzun izango dira kanporaketak eta finala maiatzaren 27an jokatuko da Oñatin. Guztira, hamabi bertsolarik hartuko dute parte, emakumeen eta hegemonikoak ez diren gainontzeko genero identitateen ikusgarritasuna bilatzen duen lagunarteko txapelketa honetan.

Hainbat bertsolarik eta bertsozale feministak antolatu zuten duela bi urte lehen Señora Sariketa, tokiko herri eragileen eta mugimendu feministako kideekin elkarlanean, bertso plaza berriak sortu eta emakumeei zein azpiratutako identitateei ikusgarritasuna emateko asmoz. Aurten hirugarrenez antolatu da, eta maiatzaren 6an abiatuko da Bilbon.

Antolatzaileek azaldu dutenez, “señora hitzarekin, ahaldunduta dagoen emakume indartsuaren irudia azpimarratu nahi dugu. Horrez gain, belaunaldien arteko aliantzak sendotzea ere bada Señora Sariketaren helburua, ahalduntze kolektiboaren bidetik, lurraldetasuna aintzat hartuz. Katekorratzaren irudiarekin señora guztiak ordezkatu nahi ditugu”.

Lehen kanporaketa izango da Bilbokoa eta Bira aukeratu dute horretarako. Itxaso Paya Ruiz, Eli Zaldua Barquin, Maddi Ane Txoperena Iribarren, Ainara Ieregi Aranburu, Izarne Zelaia Arratibel eta Maider Arregi Markuleta arituko dira kantuan, maiatzaren 6an, arratsaldeko 17:00etan. Gai jartzailea Leire Vargas Nieto izango da.

Bigarren kanporaketa maiatzaren 13an izango da Erratzuko Elkartean. Aroa Arrizubieta Barredo, Maddi Sarasua Laskarai, Idoia Granizo Uribarrena, Janire Arrizabalaga Munduate, Eli Pagola Apezetxea eta Iruri Altzerreka Martinez bertsolariek hartuko dute parte, arratsaldeko 17:00etatik aurrera. Gai jartzailea, berriz, Ane Ezenarro Beristain izango da.

Amaitzeko finala maiatzaren 27an izango da, Oñatiko Verduri Hall Gaztelekuan egingo da 17:00etatik aurrera. Kanporaketa bakoitzetik sailkatutako hiru bertsolariek abestuko dute bertan.

Saio guztietako sarrerak bertsosarrerak.eus atarian eros daitezke jada. Sariketaren inguruko informazio guztia Twitter eta Instagram sare sozialen bitartez eskuratu daiteke, @senorasariketa kontuan.

Zabaldu: