Arabako Bertsozale Elkarteak apirilak 15, 16 eta 17an bi bertso barnetegi antolatu ditu Gorbeialdea eta Aiaraldeko haurrentzat. Parte hartzeko interesa dutenek martxoaren 13a baino lehen eman beharko dute izena.
Urteroko tradizioari eutsiz, Arabako Bertsozale Elkarteak udaberriko oporraldian euskara eta euskal kulturarekin saltsan, bertso giroan murgiltzea helburu, hiru eguneko egonaldiak antolatu ditu. Gorbeialdea eta Aiaraldea eskualdeetako Udal eta Kuadrillekin elkarlanean luzatu da eskaintza eta 100 haurrentzat egongo da lekua.
Pasa den urtean egin zuten bezala, Aiaraldeko barnetegia Espejon izango da, 8 urtetik 11 urtera bitarteko haurrentzat. Gorbeialdekoa berriz, Gorbeia magalean bertan, Manurgan izango da, 10 urtetik 13 urtera bitarteko haur eta gaztetxoentzat.
Parte hartzeko interesa dutenek martxoaren 13a baino lehen eman beharko dute izena Aiaraldea eta Gorbeialdeko Udaletan (Urduña, Amurrio, Laudio, Artziniega, Aiara, Izarra, Zuia, Zigoitia, Legutio, Aramaio eta Arrazua-Ubarrundia). Bertsozalek argitu duenez, udalerri hauetan erroldatu gabeko haurrek ere izango dute izena emateko aukera martxoaren 13tik martxoaren 31ra plaza hutsik izatekotan.
Onartutako parte hartzaileek ordainketa egin eta dokumentazioa entregatu beharko dute Udaletan. Bakoitzak dagokion udalerrian izena emateko fitxa beteta eta sinatuta eraman beharko du Martxoaren 31a baino lehen, bankuko ordainagiria eta haurraren osasun txartelaren fotokopiarekin batera.
Eskuorriak ondorengo lotura bi hauetan deskargatu daitezke: