(argazkia: Aranzadi Zientzia Elkartea)

Aranzadi Zientzia Elkarteak ‘Itzak, Urdaibaiko kultura paisaia’ liburua aurkeztu du

Lan honek gaur egun ikusten dugun paisaia hobeto ulertzen ez ezik, gure arbasoek egin zuten lana ezagutzen ere lagunduko digu.

Aranzadi Zientzia Elkarteak Urdaibaiko paisaiaren azterketa, gizartearen eta ingurumenaren arteko harremanen emaitza gisa, jasotzen du kaleratu berri duen Itzak, Urdaibaiko kultura paisaia’ liburuan. Historian zehar gertatu diren aldaketak kontuan hartu dituzte lana ontzeko. Bilakaera horren barruan, padurak aztertu dira bereziki, garrantzi handia baitute Bizkaiko eremu horretan.

Elkarteak azaldu duenez, “itza horiek herri-lurren parte izan dira Erdi Aroaz geroztik, eta bertan hainbat baliabide ustiatu dira, hala nola abere-larreak edo ihiak biltzea. Hala ere, XVII. eta XIX. mendeen artean egoera hori aldatu egin zen, eta, pribatizazioarekin batera, eskala handiko drainatze-proiektuak egin ziren, munaz edo dikenez itxitako eremuak (polderrak) osatuz nekazaritza-erabilerarako”.

Bizimodu hura desagertuz joan dela dio Aranzadik. “Gaur egun, oso gutxi dira Urdaibaiko lehen sektorean lan egiten duten herritarrak, eta horrek eragina izan du paisaiaren alderdian. Baserriak utzi dira eta, horren ordez, hezeguneetako jatorrizko ekosistemak leheneratu dira, bereziki Biosfera Erreserba eta Natura 2000 Sareko Babes Bereziko Eremua izendatu ondoren”.

Hala, Aranzadiren arabera, “liburu honek gaur egun ikusten dugun paisaia hobeto ulertzen ez ezik, gure arbasoek egin zuten lana ezagutzen ere lagunduko digu. Hain zuzen ere, historia hori berreraikitzea izan zen proiektu honen helburua”. Horretarako, Aranzadiko ikertzaileek prozesu hori aztertu dute, artxiboetako dokumentuak gaur egun paisaian ikus daitezkeen elementu materialekin konbinatuz. Lan hori Busturia, Murueta, Forua, Kortezubi eta Gautegiz Arteagako udalek sinatutako hitzarmen bati esker egin da.

Liburua aipatutako bost udalerrietako udaletan salgai egongo da 8 euroan. Gainera, udalerri bakoitzean ibilbide gidatuak egingo dira. Datorren ekainaren 10ean 12:00etan Kortezubin eta 16:30ean Busturian, eta hilaren 24ko 12:00etan Muruetan eta 16: 30ean Foruan.

Zabaldu: