Jon Alonso eta Uxue Rasquin (argazkia: Erein)

Jose Antonio Loidiren ‘Hamabost egun Urgainen’ eleberri beltza berrargitaratu dute

Gaur egungo irakurleek 1955eko testua arazorik gabe irakur dezaten finkatu nahi izan du Erein argitaletxeak, Loidiren eta euskararen orduko doinua eta kolorea galdu gabe. Jon Alonso idazlea arduratu da hitzaurrea idazteaz.

68 urte pasatu dira Jose Antonio Loidi Bizkarrondoren Hamabost egun Urgainen nobela beltza lehen aldiz argitaratu zenetik. Genero beltzeko lehen eleberria izan zen euskaraz eta alde horretatik mugarria izan zen euskal literaturaren historian. Erein argitaletxeak hartu du nobela berrargitaratzeko ardura “bizi berri bat” emateko asmoz. “Gaur egungo irakurleek 1955eko testua arazorik gabe irakur dezaten finkatu nahi izan dugu, Loidiren eta gure hizkuntzaren orduko doinua eta kolorea galdu gabe”. Horretarako aldaketa batzuk egin dituztela nabarmendu du Uxue Rasquin editoreak “aurreneko edizioetan egin ziren gaizki ulertuak eta akatsak zuzendu egin dira, jatorrizkoan Jose Luis Nabaskuesen ilustrazioak sartu genituen eta orain alboratu ditugu, gainera, Cristina Fernandezek azal berri bat egin dio”. Bildumaz ere aldatu dutela azaldu du editoreak “polizia eleberria izanik Uzta Gorria bildumara igaro da, azken honek nobela beltzak eta misteriozkoak biltzen baititu”.

Hitzaurreari dagokionez, Jon Alonso idazleak ondu du, izan ere nafarrak ibilbide luzea du egina genero beltzari dagokionez, “generoa ederki ezagutzen du eta euskaraz idatzi diren nobela beltzen artean aintzakotzat hartu behar dugun idazlea da”, azpimarratu du Rasquinek.

Loidiren nobela beltza bakarra izan zen Hamabost egun Urgainen, euskaraz lehena, baina hortik etorri dira gutxi gorabehera estilo horretako nobelak idatzi dituzten beste autore batzuk: Mariano Izeta, Gotzon Garate,  Xabier Gereño… “Beraz, Loidik ireki zuen bideak jarraitzaileak eta oihartzuna izan ditu gerora”, adierazi du Alonsok.

Iruñeko idazlearentzat liburu heroikoa da Loidirena, “ikusten baldin baditugu garaiko baldintzak, 1955. urtean euskaraz idaztea eta argitaratzea orain baino askoz zailagoa zen”, frankismoaren zentsuraren menpe bizi ziren autore gehienak. “Gerra aurreko belaunaldi guztia desagertua zen, batzuk fusilatu egin zituztelako, eta beste batzuek erbestera joan behar izan zutelako”. Etxetik kanpo bilatu behar izan zituen Loidik ereduak. Agatha Christie, Arthur Conan Doyle esaterako. George Simenon idazlearen Jules Maigret komisarioa hartu zuen Loidik eredu nagusitzat. “Haren liburuetako bat itzultzen ere saiatu zen, nahiz eta ez zuen amaitu”.

Liburuaren istorioari dagokionez, halaxe dio sinopsiak: “Urgain bezalako herri baketsuetan ere gertatzen dira gauza ikaragarriak. Galde diezaiotela, bestela, Txomini, kanposantuko arduradunari: hildako bat lurperatzeko prestaketak egiten ari dela, tiro baten hoska ikusi dio aspaldi hobiratutako emakume bati! Nork egin zion tiro? Garaidi izeneko gazte batek hartuko du bere gain ikerketaren ardura”.

Zabaldu: