‘Areago Istorioak belarrietara’ liburu ilustratua aurkeztu dute

Argitalpenak Igartubeiti Baserri Museoak eta Kutxa Ekoguneak sustatutako Areago. Istorioak belarrietara euskarazko kontakizunen bosgarren deialdira aurkeztutako ipuinak biltzen ditu.

Igartubeiti Baserri Museoak eta Kutxa Ekoguneak “Areago Istorioak belarrietara Kontakizunak 4” argitalpen Ilustratua aurkeztu du. Liburuak biltzen dituen kontakizunetan baserria eta paisaia landu dituzte. “Baserria bere inguruko paisaiaren zati bat da, are gehiago, ingurune hori horrela izatearen eragile ere bada”. Izenak berak ere halaxe dio: “baserria = basoko herria”. Baserriak eta mende luzez bertan egin den bizimoduak lotura zuzena izan dute bere inguruko paisaiarekin. Bere bizimoduaren oinarria izan baita.

Argitalpen hau letren eta ilustrazio munduen arteko sorkuntza elkarrizketa bat da ere, gonbidatutako hiru ilustratzaileak, Aitziber Alonsok, Ainara Azpiazuk eta Elisabeth Perezek kontakizun ezberdinen berrinterpretazio ariketa bat burutuz.

Aurtengo lehiaketaren irabazlea Ainara Elizondo izan da, Azenario bete misterio kontakizunarekin. Maialen Akizuren Makusi istorioarentzat izan da bigarren saria; hirugarrena, Josune Garcia de Bikuñaren Marrubien zaporea izan da.

Bestalde, kontakizunen interpretazio libre batetik abiatuz, Aitziber Alonsok, Ainara Azpiazuk eta Elisabeth Perezek ilustrazioak sortu dituzte.

Irati Goikoetxea idazle, blogari, irrati esatari eta bertsolari beasaindarra aritu da epaimahai lanetan, Kutxa Ekoguneko Kakun Orbegozorekin eta Igartubeiti Baserri Museoko Kizkitza Ugartebururekin batera.

Areago ondare berrikuntza proiektua da, lengoaia ezberdinen arteko erlazioaren bitartez, ondare eremuaren eta eremu artistikoaren arteko beste harreman mota batzuk aztertzen dituena.

Areagok soinu eta literatur dimentsioak landu ditu sortu zenetik, baserria eta bere ingurunea berriro bisitatzea ahalbidetzen duten soinu ibilbideen bitartez eta gonbidatutako pertsonek sortutako kontakizun ezberdinak entzunez.

Oraingo honetan Areagok kontakizun laburren bitartez parte hartzea, sorkuntza prozesuak eta Igartubeitiren inguruko narratiba berriak nabarmendu nahi izan ditu.

Zabaldu: