(argazkia: Tabakalera)

Argia eta soinua uztartzen dituen instalazioarekin itxiko da Tabakaleraren 10. urteurrenaren ospakizuna

Erresonantzia instalazioak esperientzia desberdinak eskaintzen ditu egunaren unearen arabera: argi naturalarekin, oihalak testurak, hutsuneak eta erliebeak erakusten ditu; gauez, argi pendularrak protagonismoa hartzen du eta espazioa argi-agertoki eseki bihurtzen du.

Erresonantzia instalazioak argi, mugimendu eta erresonantzia poetikoaren espazio sentsorial bihurtu du Tabakalerako bosgarren solairuko Prisma. Donostiako zentro honen hamargarren urteurrenarekin bat eginez paratu dute instalazio berri hau eta 2026ko urtarrilaren 11ra arte bisitatu ahal izango da.

Tabakalerako ordezkariek azaldu dutenez, “argia, soinua, mugimendua eta ehun-elementuak integratzen dituen ekosistema sentsorial gisa sortutako instalazioak etengabe eraldatzen ari den esperientzia eskaintzen du”.

Obra sei metroko diametroa duen egitura zirkular baten inguruan antolatu da, eta bertatik zintzilik oihal zeharrargi handi bat dago, txatalak eta mezu inprimatuak dituena. Testu horiek argiaren arabera agertzen edo ezkutatzen dira, eta horrek espazioaren irakurketa aldakorra eragiten du. “Egituraren erdian, argi pendularrak piezaren bihotz erritmiko gisa jokatzen du: itzalak, distirak eta oszilazioak proiektatzen ditu, ingurunearen pertzepzioa aldatuz. Bere mugimenduak Foucaulten penduluari egiten dio erreferentzia, eta Prisma esekitako espazioa, fisikoa dena eta sinbolikoa dena uztartzen dituena, bihurtzen du”.

Bestetik, soinu-diseinuak oihaleko mezuak errezitatzen dituzten ahotsak barne hartzen ditu, publikoa inguratzen duen kontakizun korala harituz. “Paisaia akustiko horrek, argi-jokoarekin eta ehun-materialtasunarekin batera, kontenplazio-ingurune bat sortzen du, eta bertan hitza, argia eta mugimendua orekan mantentzen dira”.

Erresonantzia instalazioak esperientzia desberdinak eskaintzen ditu egunaren unearen arabera: argi naturalarekin, oihalak testurak, hutsuneak eta erliebeak erakusten ditu; gauez, argi pendularrak protagonismoa hartzen du eta espazioa argi-agertoki eseki bihurtzen du.

Gheada kolektiboa

Teknologia eta artisautza uztartzen dituzten esperientzia murgiltzaileetan, interaktiboetan, eta performatiboetan espezializatuta dagoen Gheada kolektiboak sortu du Erresonantzia eta estimulu sentsorialen bidez imajinatzeko, kontzientzia sortzeko eta eraldaketa-prozesuak irudikatzeko gonbidapen gisa aurkezten da.

Proiektuak PH/H05en laguntza izan du ehunen garapenean, Andrea Petitena pieza pendularrean, Laura Samena poeta eta rap abeslaria ahotsean eta Ibon Aguirrerena soinu-ekoizpenean.

Zabaldu:

Utzi erantzuna