(argazkia: Bizipoza elkartea)

‘Ari! Sormena eta Mugimendua’ proiektuaren material pedagogikoa aurkeztu dute

Egitasmoak gorputzarekin, arteekin eta mugimenduarekin lotutako ekimen berritzaile bat sortzea izan du helburu, izaera inklusiboa eta genero ikuspegia barnebiltzen dituena.

Bizipoza elkartea, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioa eta Artaziak kooperatiba Ari! Sormena eta Mugimendua proiektua martxan jartzeko elkartu da lehen aldiz. Egitasmoak gorputzarekin, arteekin eta mugimenduarekin lotutako ekimen berritzaile bat sortzea izan du helburu, izaera inklusiboa eta genero ikuspegia barnebiltzen dituena, 12 eta 21 urte bitarteko gazteei zuzendua.

Egitasmoak hiru lan ildo izan ditu: alde batetik, ikastaro trinko bat egin dute, horretarako, Jordi Cortes koreografo-sortzailea gonbidatu dute bere ibilbidea eta dantza inklusiboaren esparruan izan duen esperientzia azaltzeko”. Tailer teoriko-praktiko hau gizarte eremuekin eta mugimenduarekin lotura duten pertsonei zuzenduta egon da. “Proiektu honek ezberdintasunetik, bestearen berezitasunetik abiatuz sortzera gonbidatzen du, munduan kokatzeko dugun modua berrasmatuz, harreman-konexio mota berriak eratuz gure gorputzen mugimenduaren bitartez”, azaldu dute.

Bestetik, hamar saio praktiko burutu dira, eta, hauetan, Ion Munduate eta Artaziak izan dira gidariak. 12 eta 21 urte bitarteko gaitasun anitzeko gazteek sormen laborategi gisa pentsatutako gunean mugimenduarekin eta gorputzarekin lotutako dinamikak landu dituzte.

Azkenik, aplikatu den metodologia jaso eta proiektuaren erreplikagarritasuna ahalbidetzen duen material pedagogikoa sortu dute.

Materiala www.ari.eus webgunean dago eskuragarri Ari! sormena eta mugimendua proiektuaren material padagogikoarekin batera. Material honek talde bat aktibatzeko gorputz-dinamikak eskaintzen ditu.

Proiektuaren informazioa, hemen.

Zabaldu: