(argazkia: Euskaltzaindia)

Arikala, ikasleen artean lagunarteko euskara sustatzeko ikerketa-ekintza aurkeztu dute

Egitasmo berritzaile honen bidez, ikasleei hizkera informalak euskaraz garatzeko tresnak eta estrategiak emango zaizkie. Ondoren, esku-hartze horiek duten eragina neurtuko da.

Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Fakultateak (HUHEZI) eta Euskaltzaindiak proiektu berritzaile bat aurkeztu dute gaur. Hain zuzen, ikasleen artean lagunarteko euskara sustatzeko erabiliko den ikerketa-ekintza, aurrerantzean Arikala izenarekin ezagutuko dena. Euskaltzaindiaren Luis Villasante Euskararen Ikergunean izan da agerpena, eta bertan izan dira Jose Luis Sukia Ikastolen Elkarteko zuzendari orokorra, Nagore Ipiña Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoa (HUHEZI) eta Miriam Ukia Euskaltzaindiaren Iker sailburua eta Gipuzkoako ordezkaria. Arikala gauzatuko duen hitzarmena ere sinatu dute guztiek.

Azaldu dutenez, “gazteen ahozko komunikazioaren % 80 inguru betetzen badu ere, orain arte gutxi ikertu izan den arloa dugu hizkera informalarena. Arikala egitasmoaren bidez, ikastetxeetako eremu formalean zein aisialdian esku-hartze sistematizatu eta iraunkorrak gauzatzeko material didaktikoa diseinatuko da. Ondoren, material hori inplementatu eta inplementazioak ikasleen arteko hizkuntza-ohituretan izan duen eragina aztertuko da. Hartara, ikerketa honetatik ateratzen diren emaitzetatik abiatuta, etorkizunean materialak testuinguru berrietara eraman eta esku-hartzeen eragin esparruak handitzeko aukera izago da”.

Urkiaren arabera, “euskararen normalizazioan dihardu Euskaltzaindiak, euskara batua ikertzea eta sustatzea izan du, eta du helburu lehenetako bat, baina ez bakarra”. Izan ere, lagunarteko euskara ere ikertu eta sustatu beharrekoa dela uste du. “Horren adibide da 2022ko urtarrilean gure gain hartu genuen Mintzola egitasmoa, eta Mintzolaren baitan kokatu behar da Arikala”.

Sukia ere pozik agertu da elkarlanaren ondorioz lortutako emaitzarekin: “Ikastolen Elkartean euskaldun osoak heztea dugu helburu; euskara bizitzako edozein egoeratan eraginkortasunez eta behar besteko bizitasunez erabiltzeko gai diren pertsonak heztea dugu jomuga. Horretarako, ezinbestean landu behar da norbanakoak duen hizkuntza-erregistroen aldaera-sorta: irakas-arloei begira erabili ohi den hizkuntza-erregistro formalaz gain, egoera ez-formaletarako ezinbesteko zaigun hizkuntza-erregistro bizia erabiltzen trebatu behar ditugu ikasleak; elkarren osagarri baitira aldaera horiek. Egiteko horretan ekarpen ezin interesgarriagoa egingo digu Arikalak. Ikerketa ezinbestekoa zaigu, bertatik edan eta gure egitekoan pauso eraginkorrak emateko”.

Azkenik, Ipiñak nabarmendu duenez, “egungo gizartean ahozko komunikazioak duen garrantzia kontuan izanda, adierazgarria iruditzen zaigu ahozko hizkera informala aztertzea, eta ikerketan ardaztutako proiektu honen parte izatea. Gainera, ikerketa-ekintzan oinarritzen denez, aukera emango digu hizkuntza estrategiak garatzeko, ikasleen hizkuntza ohituretan eragiteko, eta erronkei erantzun asmoz material pedagogiko zein testuinguru berriak sortzeko”.

2022-23 ikasturtean hasi eta hiru ikasturtetan zehar garatuko da Arikala Euskal Herri osoko hamar ikastoletan. 2022-23 ikasturtean LH4. mailan, 2023-2024 LH5. mailan eta 2024-2025 ikasturtean LH6. mailan. Parte hartuko duten ikastolak hauek izango dira: Gipuzkoan, Haurtzaro eta Irura; Bizkaian, Abusu eta San Nicolas; Nafarroan, Jaso eta Lizarra; Araban, Assa eta Laudio; eta Ipar Euskal Herrian, Kimua eta Garaziko ikastola.

Zabaldu: