(argazkia: Aritz Galarraga)

Aritz Galarraga idazlearen oroitzapen musikatuak plazara

Gogoan dut da Hondarribiko idazlearen azken lana. Liburua aurkezteko hiru emanaldi antolatu ditu hil honetan Hondarribian, Hendaian eta Irunen. Galarragak liburuko pasarteak irakurriko ditu Ibon Rodriguez musikariaren laguntzarekin.

Bere oroitzapenak paper-txataletan idazten aritu da Aritz Galarraga idazlea (Hondarribia, 1980) hainbat urtez, gero material hori beste nonbaiten erabiltzeko asmoarekin, idazten dituen prentsa artikuluetan, esaterako. Baina, hasieran memoria ariketa soil baten fruitu zenak indarra hartu zuen eta lanketa literario minimo batekin liburu bat osatu zezakeela ikusi zuen idazleak. Hala, bigarren fase batean murgildu zen, “literatura moldera ekartzeko saiakera bat egin nuen, oroitzapenak haien artean elkarreraginean eta elkarrizketan jartzeko”. Halaxe sortu zen Gogoan dut, Galarragak Pamiela argitaletxearekin kaleratu duen azken lana.

1.400 oroitzapen inguru jaso ditu idazleak, baina argi utzi du ez dela “oroitzapen segida soil bat, jolas literario bat ere bada” eta horrek irakurketa aberasten duela uste du.

Galarragak Joe Brainard idazle estatubatuarraren I remember lana eta Joseba Sarrionandiaren Akordatzen izan ditu inspirazio iturri liburuari forma ematerako orduan. “Oroitzapen liburu bat da, baina egitura berezia dauka, oroitzapenka antolatuta dago eta denek dute egitura bera: Gogoan dut esaldiarekin hasten dira”.

Galarragak memoria ariketa egitearekin batera, garai eta belaunaldi oso baten argazkia egin du, orain 40 urteren bueltan dabilen euskal jendearena. “Gogoratu bezala daude oroitzapenok, auskalo hala gertatu zen dena; baina ez daude ederretsita, edo nahitara aldatuta, fikzioaren legeek ahalbidetzen dituzten tranpak erabilita. Dena jaso da memoriak jaulki duen gisara”.

Emanaldi musikatuak Hondarribian, Hendaian eta Irunen

Idazleak hiru emanaldi musikatu antolatu ditu liburua aurkezteko. Aurrenekoa Hondarribiko Kasino Zaharrean izango da uztailaren 8an, 19:00etan. Hurrengo egunean, Hendaiako Borderline Fabrikan, 18:00etan, eta hilaren 10ean, Irungo Amaia Kultur Zentroan, 12.00etan. Galarragak liburuko pasarteak irakurriko ditu Ibon Rodriguez musikariaren laguntzarekin.

Zabaldu: