Donostiarrak sortutako ilustrazioak bihartik, hilak 10, abenduaren 8ra arte egongo dira ikusgai Aiete Kultur Etxean.
Aritz Trueba (Donostia, 1980) Arte Ederretan lizentziatu zen Bilbon, pinturan, marrazketan eta animazioan espezializatuz. Hastapenean orriz orri eta eskuz animatzetik, soilik digitalean lan egitera igaro da, Truebak berak aitortzen duenez.
Bere ibilbidea telebistarako marrazki bizidunak eginez hasi zuen eta ondoren ilustrazioaren alorrera hurbilduz joan zen, koloreztatzeko liburuxkak eginez. Enpresa bioteknologikoetan euren zerbitzu eta produktuen animazioak garatzen ere aritu zen, artea eta zientzia uztartuz.
Denborarekin hezkuntzaren esparrura gerturatu zen, eta 2008tik Ikastolen Elkartearentzat hezkuntza-materiala sortzen du. Hala ere, bere izaera sortzaile eta ekintzaileak proiektu eta lehiaketa artistiko ezberdinetan parte hartzera eraman du. Bere obraren barruan, besteak beste, idazle ezberdinekin batera argitaratutako hiru lan handi azpimarratu daitezke: 2018an, Koldo Almandozen eskariari erantzunez, Oreina: marea gora, marea behera (Txintxua Films) bitakora-koadernoa sortu zuen, Oreina filma osatzeko.
Urtebete beranduago, 2019ko azaroan, Buyan: heriotzaren uhartea komikia (Turco Comics) argitaratu zuen, Etxeberria anaiekin eta Josu Igoarekin batera.
Azkenik, 2022an, Almandozekin batera Natasha (Farmazia Beltza argitaletxea) albuma ondu zuen. Hala sortu zen errealitate dramatiko batean inspiratutako, baina modu poetiko, dibertigarri eta argitsuan kontatutako istorioa.
Liburuez gain, bestelako lanak ere egin izan ditu. 2021ean, Ikastolen Elkarteak 2005az geroztik argitaratzen duen Xabiroi komiki aldizkariaren 60. zenbakiaren azala egin zuen.
Ilustratzailearen Txokoa
2012ko urrian, Aiete Kultur Etxean Ilustratzailearen Txokoa ireki zenetik, bertatik ilustratzaile klasiko eta berriak igaro dira: Iban Barrenetxea, Eider Eibar, Elena Odriozola, Antton Olariaga, Maite Gurrutxaga, Aitziber Alonso, Jokin Mitxelena, Estibalitz Jalon, Jon Zabaleta, Belen Lucas, Leire Urbeltz, Marrazioak topaketetako artistak, Asun Balzola, Iñaki Martiarena Mattin, Ainara Azpiazu Axpi, Concetta Probanza, Unai Zoco, Begoña Durruty, Dani Maiz, Lorena Martinez, Idoia Beratarbide, Tomas Hernandez Mendizabal, Iraia Okina, Dani Fano, Andrea Escargot, Iker Ayestaran eta Yolanda Mosquera, Asier Iturralde, Miren Asiain, Paul Caballero, Irrimarra bikotea Ana Ibañez, Ane Arzelus, Iñaki Landa, Maite Rosende eta Sandra Garayoa, Iban Illarramendi, Leire Salaberria Ivan Mata Arkaitz Barriola Maitane Bautista, Mai Egurza eta Raquel Samitierra. Orain, Aritz Truebaren txanda da.