Ondo hausnartutako erabakia izan dela nabarmendu nahi izan dute antolatzaileek. Diotenez, lan-karga handia da hain antolakuntza txikirako. “Urte aunitz dira eta neke-puntua gero eta nabarmenagoa”. Jarraipenik ez dagoenez, ziklo hau ixtea erabaki dute. Ekainaren 23an izango da jaialdiaren azkenengo edizioa.
Aurtengo Arizkun Rock musika jaialdia azkena izango dela iragarri dute antolatzaileek sare sozialen bidez zabaldu duten ohar baten bidez.
Hamar urte igaro dira Baztango jaialdi hau sortu zutenetik eta ordutik hona, “milaka istorio, bizipen, pasadizo, bilera, kilometro, huts eta eten-gabeko ikaskuntza izan ditugu. Gure herrian egon diren publiko, langile, teknikari, musikari eta artistei ahalik eta esperientzia onenak eskaintzeko asmoz”, adierazi dute.
Bidea ez dela erraza izan aitortu dute, baina oztopo eta traba ugari eduki arren, “arras konten eta eskertuak gaude proiektu hau aitzinera eramaten lagundu eta posible egin duzuen guztiekin. Eta modu pertsonalean, urte hauetan eraikitako esperientzia eta laguntasun hauek betirako eramanen ditugu gure bihotzetan”.
Ondo hausnartutako erabakia izan dela nabarmendu nahi izan dute, “lan-karga arras handia da hain antolakuntza txikiarendako. Urte aunitz dira eta neke-puntua gero eta nabarmenagoa”. Jarraipenik ez dagoenez, ziklo hau ixtea erabaki dute. “Horrela ulertzen dugu bizitza, dena hasi eta akitzen da, eta horregatik, hemen Arizkun Rocken bukaera”.
Urte hauetan guztietan alboan izan dituztenen laguntza ere eskertu nahi izan dute. “Arizkungo jendeari, Arizkun Rockeko kide izan zinetenei, hainbat zereginetan laguntzeko prest egon zaretenei, merchandising-a erosi diguzuenei, babesleei, honetan sinetsi duzuenei, publikoari, langileei, musikariei eta artistei. Mila esker aunitz”.
Azken edizioa, beraz, ekainaren 23an izango dela iragarri dute, “edizio hau aspalditik ari gara maitasun eta ilusio handiz prestatzen. Arizkungo plazan ikusiko dugu elkar”, amaitu dute.