Donostiarrak sortutako ilustrazioak datorren abenduaren 10era arte egongo dira ikusgai Aiete Kultur Etxean.
Arkaitz Barriola ilustratzaileak (Donostia, 1975) Leioan egin zituen ikasketak. Lehenik, 1998. urtean, Kazetaritzan lizentziatu zen eta, ondoren, 2010ean, Arte Ederretan.
Bere ibilbide profesionala diseinatzaile grafiko gisa hasi zuen ETBko sormen-departamentuan. Bertan eman zituen lau urteez gain, 2000. eta 2005. urteen artean Donostiako Zinemaldiko Aldizkari Ofizialaren maketatzaile lanetan aritu zen, besteak beste.
2002an BIT&MINA diseinu-estudioa sortu zuen bi lagunekin batera. Bertan, sormen-zuzendari izateaz gain, ilustrazio- eta komunikazio-lanetan aritu zen. 2020an estudioa itxi eta bere kabuz hasi zen lanean, Batuta ezizenarekin. Orduz geroztik, diseinu- eta sormen-lanetan aritzen da, zuzendaritza artistikoan, ekitaldien koordinazioan eta ilustrazioko hainbat proiektutan.
Donostiarrak beti izan du gustuko ilustrazioaren eta narrazioaren mundua. Ilustratzaile gisa, hainbat proiektutan hartu du parte. Donostia 2016 proiektuaren aurkezpenerako ilustrazioak, Donostiako Liburutegi Zerbitzuak argitaratu eta Aritz Gorrotxategik idatzitako Gabriel Celaya 1911-1991 liburuaren ilustrazioak, HABEren egutegiak, Idazleen Elkarterako Su haietatik hitz hauek liburuxka, Edebe argitaletxearen ariketa-koadernoak, edota ETBko gabon-postalak (ilustrazio eta animazioak) izan dira egin dituen lanetako batzuk.
Gaur egun, gazteentzako unitate didaktikoetarako ilustrazioak eta hainbat herritako eraikin eta gune esanguratsuak marrazten aritzen da nagusiki.
Haur eta Gazte Literaturaren munduan ere aritu da. Alde batetik, Uxue Alberdi eta Maite Gurrutxagaren Besarkada (Elkar, 2015) albumaren promozio-animazioa egin zuen.
Bestalde, 2018an Galtzagorri Euskal Haur eta Gazte Literatura elkarteak antolaturiko Biko-Teka lantegian hartu zuen parte eta, bertan, Isabel Etxeberria idazlearekin batera aritu zen lanean.
Ilustratzailearen Txokoa
2012ko urrian, Aiete Kultur Etxean Ilustratzailearen Txokoa ireki zenetik, bertatik ilustratzaile klasiko eta berriak igaro dira: Iban Barrenetxea, Eider Eibar, Elena Odriozola, Antton Olariaga, Maite Gurrutxaga, Aitziber Alonso, Jokin Mitxelena, Estibalitz Jalon, Jon Zabaleta, Belen Lucas, Leire Urbeltz, Marrazioak topaketetako artistak, Asun Balzola, Iñaki Martiarena Mattin, Ainara Azpiazu Axpi, Concetta Probanza, Unai Zoco, Begoña Durruty, Dani Maiz, Lorena Martinez, Idoia Beratarbide, Tomas Hernandez Mendizabal, Iraia Okina, Dani Fano, Andrea Escargot, Iker Ayestaran eta Yolanda Mosquera, Asier Iturralde, Miren Asiain, Paul Caballero, Irrimarra bikotea Ana Ibañez, Ane Arzelus, Iñaki Landa, Maite Rosende eta Sandra Garayoa, Iban Illarramendi, Leire Salaberria eta Ivan Mata. Orain, Arkaitz Barriolaren txanda da.