Gasteizko Armentia ikastolak hartu du Araba Euskarazen lekukoa

Abian da 2019ko ekainaren 16an ospatuko den Araba Euskarazen antolaketa eta horretarako, Armentia ikastolak hartu du ardura.

Liher Larrea ikastolako Lehendakariaren arabera, “helburua gertu egotea da: Gasteizko eragileengandik gertu, hiria euskalduntzeko gertu, Arabako herrietatik gertu, euskalgintzatik gertu, berdintasunerako gertu, emateko gertu eta finean… zoriontsu izateko gertu.  Hori izango da gure Ikastolaren helburua etorkizunera begira. Hori adierazten du gure logoak; hori adierazi nahi dute geziek”.

1981 urtean ospatu zen, lehendabiziko aldiz Araba Euskaraz eta ordutik urtero ospatu den jaialdi honek milaka eta milaka arabar batu ditu, euskaraz, herrialde osoan zehar. Armentia ikastolak aldiz 25 urte bete ditu eta dagoeneko 1.200 ikasle baino gehiago ditu. “Jaialdiarekin proiektua sendotzera goaz”, azaldu dute eta euskararentzako Araban urte oso garrantzitsua dela nabarmendu dute “Euskaraldia, Korrikaren bukaera eta Araba Euskarazekin”.

Armentiak Arabako Ikastolen Jaialdia 2006 urtean antolatu zuen azkenekoz eta ordutik hona “13 urte igaro direlako Araba Euskaraz antolatzeko gogotsu gaude”, azaldu dute Naroa Velasco eta Iratxe Valle ikasleek. Hori dela eta kultur egitaraua urte osora zabaltzeko apustua egin dute. “Jaialdia ekainaren 16an izango bada ere azarotik ekainera antolatu nahi ditugu kultur ekimenak, Araba osotik”.

Zabaldu: