(argazkia: Feministaldia)

Arrastoa uztera datorren Feministaldia antolatu dute abenduaren 3ra arte, Donostian

Aurten ere, askotariko jarduerak biltzen dituen egitaraua prestatu dute antolatzaileek, eta arteko diziplinek leku garrantzitsua izango dute: hitzaldiak, performanceak, mahai-inguruak, ibilaldiak, sung poetry emanaldiak, eta abar.

Hamazazpigarren aldiz, kultura feministari lotutako ahots, sorkuntza eta diskurtsoen elkargune izango da Feministaldia. Azken urteetako bideari jarraituz, Donostiako Tabakalera izango du etxe kultura feminista jaialdiak, azaroaren 30etik abenduaren 3ra. XVII. aldi honetan Ahoa narras leloak harilkatuko ditu antolatutako askotariko jarduerak.

Antolatzaileek azaldu dutenez, “aldaketa urtea da Feministaldiarentzat”, izan ere, jaialdiaren hazia ezarri zuen kolektiboa, Plazandreok plataforma politikoak, antolakuntzaren ardura utziko du. Leire San Martin eta Laura Muelas Feministaldiako koordinatzaileek adierazitakoaren arabera, eskertzekoa da Plazandreok-ek utzitako arrastoa; halaber, gogotsu agertu dira bidea egiten jarraitzeko, eta jaialdiaren ibilbidea egiteko modu eta esparru berrietara norabidetzeko. Hain zuzen, jaialdia pentsatu eta programatzeko prozesua, oso bestelakoa izan da aurten: “ariketa kolektibo bat”. Lehenbiziko aldiz, Azala espazioaren Mikorrizak programaren barruan, lagun eta pentsalari feministekin jaialdiari elkarrekin forma ematen hasteko topaketak egin zituzten Arabako espazioan. Feministaldiaren lan taldeaz gainera, Mijo Lizarzaburu, Paloma Chen, Mirari Echavarri eta Idoia Zabaleta izan ziren topaketan.

Hortaz, aldaketak aldaketa, Feministaldiak kultura feministaren erreferente izaten jarraitu nahi du.

“Feministaldia, Plazandreok-ek antolatutako Kultura Feministaren Jaialdia, duela 16 urtetik hona, funtsezko erreferentzia bihurtu da feminismoaren barruan, eta halako entitatea lortu du, non esklusiboki horretan arituko den elkarte bat behar duela”, adierazi du Juana Aranguren Plazandreok plataformako kideak.

Nerea Isasi Gipuzkoako Foru Aldundiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Zuzendaria ere izan da agerraldian, Feministaldiari bere babesa adierazteko. Horrela, kultura feminista sustatzen duten egitasmoen garrantzia aipatu du.

Ahoa narras

Ahoa narras leloa oinarri hartuta, feminismoetan pil-pilean dauden gaietan erreparatuko du jaialdiak, baina baita orain egindako bideetan ere, bertikaltasuna alde batera utziz, eta gorputza lurrerantz eramanez. Horrela, “norabide berri horretan ahoa -normalean gorputzaren goialdean edukitzen duguna- lurrera eramango dugu; herrestan dabiltzanen eta ibili direnei tartea egin nahi diegu, azala bidean eraldatzen dutenei”. Aurtengo jaialdirako sortutako testuan jaso bezala, “arrastaka doazenek, kanporatuek, zikinek, urdangek uzten duten arrastoa” ikusarazi nahi dute. Era berean, narrasean dabiltzan horien “potentzia eraldatzailea” ere goraipatuko dute: “Erori eta arrastatu egiten gara, zikindu, detrituekin nahastu eta jolasten gara, materiekin esperimentatu egiten dugu horiek sakonera eramateko, misteriotsua denera, desiragarria denera, irudimenez lepo dagoenera, potentzia eraldatzailez gainezka dagoen horretara eramateko”.

Halaber, Ahuntzaren Eztula diseinatzaile eta tatuatzailea izan da irudi grafikoaren egilea, eta aurtengo ideiaren esentzia ezin hobeto jaso duela dio antolakuntzak.

Aurten ere, askotariko jarduerak biltzen dituen egitaraua prestatu dute antolatzaileek, eta arteko diziplinek leku garrantzitsua izango dute: hitzaldiak, performanceak, mahai-inguruak, ibilaldiak, sung poetry emanaldiak, eta abar. Orotara, 25 artista, aktibista eta pentsalaritik gora izango dira Feministaldian, eta bakoitzak bere diziplinan mugitzen ari den horretan jarriko du fokua: Eulalia Valldosera, artista eta aktibista mistikoa; Isabel de Naveran, dantza eta performance-an ikerlaria; Paloma Chen kazetaria, poeta eta idazlea, eta Yan Juang aktorea, sortzailea eta poeta; Itziar Reguero eta Mijo Lizarzaburu militante transfeministak; Namorada kolektiboa; Eneka Fernandez liburu-egilea eta editorea, eta Leire Ibarguren, Emagin elkarteko kidea; Personaje, personaje eta Somadamantina, Elena Aitzkoa eta Eddi Circa artistak, besteak beste.

Sarrera librea izango da jarduera guztietarako, edukiera bete arte. Era berean, jarduera gehienak streaming bidez jarraitzeko aukera izango dute hara joan ezin dutenek, eta informazio guztia tabakalera.eus eta feministaldia.eus webguneetan egongo da kontsultagarri.

Zabaldu: