(argazkia: Durangoko Udala)

(argazkia: Durangoko Udala)

Martxoan irekiko ditu ateak Durangoko Plateruena berriak

Modu ofizialean datorren urtetik aurrera zabalduko bada ere, herriko eragile eta elkartekin ‘Kultur Mahaia’ osatuko du Durangoko Udalak, Plateruenaren dinamika elikatzeko.

“2020ko abenduan Plateruena kudeatzen zuen elkarteak berau desegin eta espazioaren kudeaketa uztea erabaki ostean, Durangoko eta Euskal Herriko sortzaile zein kulturzaleek hutsune handia nabaritu dute azken hilabeteetan”, halaxe adierazi du Durangoko Udalak egin duen prentsaurrekoan. Orain, berriz, Plateruenaren kudeaketa bere gain hartuko duela eta datozen asteetan irekiko dituela berriz ere ateak iragarri du.

Horretarako, Plateruena berriak hiru printzipio edo oinarriren gainean lan egingo du: Durangoren euskalduntzean laguntzea, herriko elkarte eta eragileei aterpea eskaintzea eta euskal kulturgintzako sortzaileen plaza garrantzitsua izatea.

Plateruenan bertan eginiko prentsaurrekoan, Ane Abanzabalegi eta Patxi Lakuntza zinegotziek eta Maider Larrañaga Plateruenako arduradun berriak “erronka zail bezain erakargarri honen” inguruko azalpenak eman dituzte:

“Plateruenaren itxierak kolpe ederra suposatu zigun durangarroi eta euskal herritarroi, eta eraikin honen tamainako buruhausteei irtenbideak eman behar izan dizkiegu tarte guzti honetan, baina uste dugu orain arteko zailtasun guztiek proiektu berri hau indartu dutela”, adierazi dute.

Izan ere, 2021ean Plateruena ixtearekin batera, Durangoko Udalak diagnosi bat abiatu zuen durangar, elkarte eta eragileen parte-hartzearekin batera. Bertan, Plateruenak hiru lan ildo nagusitan lagundu behar zuela ondorioztatu zen: Euskararen presentziari lehentasuna ematea, Durangoko elkarteen eta eragileen komunitatea indartzea eta kulturaz gozatzeko espazio erreferentziala izaten jarraitzea.

Kudeaketa eredu publikoa

Behin hiru helburu nagusiak zehaztuta, kudeaketa eredua zehaztu behar izan du Udalak. Garrastatxu eta Lakuntzak nabarmendu dute puntu horretan bi irtenbide nagusi izan dituztela mahai gainean: kudeaketa lehiaketa publikora atera eta berau enpresa edo elkarte pribaturen baten esku uztea, ala Durangoko Udalak kultur eskaintzaren kudeaketa bere gain hartzea. Gauzak horrela, bigarrenaren alde egin du Udalak: “Durangoko zerbitzu publikoak indartzeko hautua egin genuen gobernura heldu ginenean. Plateruenaren itxierak hutsune handi bat utzi zigun euskaltzale eta kulturzaleoi, beraz argi geneukan Udalaren erantzuna maila berean egon behar zela. Plateruenak azken 20 urteetan garatutako baloreekin bat egiten dugu, eta kudeaketa enpresa edo elkarte pribatu baten eskuetan uzteak ez zituen aurrez aipatutako hiru helburuak betetzea bermatzen. Horregatik gure gain hartzen dugu ardura hori, hiru lan ildo nagusiak betetzen direla bermatzeko.

Beraz, erabakia hartuta, Plateruena Udalaren kultur eskaintzaren parte izatera pasako da, San Agustin Kulturgunearen, Arte eta Historia Museoaren edota Musika Eskolaren maila berean. “Apustu handia egin dugu azken urteetan kulturaren alde, baina kontziente ginen Plateruenak utzitako hutsuneaz. Orain hutsune hori ilusioz eta baliabide publikoz betetzera goaz, kulturgintzan, osasungintzan bezala, zerbitzu publiko duin batzuen alde egiten dugulako”, gaineratu dute ordezkari durangarrek.

Kultur Mahaia

Kudeaketa aldaketa hori garatzeko, Durangoko Udalak 313.000 euroko partida aurreikusi du 2023ko Aurrekontu Orokorretarako. Dena den, irekiera progresiboa izango da. Horregatik, Gabonetarako herriko elkarte eta eragile ezberdinekin “programazio xume eta herrikoia” antolatzen dihardute dagoeneko.

Horren ostean, erritmoa aste batzuek jaitsiko da, barne lanak zehaztu eta martxoaren hasierarako Plateruenaren izaera berria lantzeko, orduan hasiko baita modu ofizialean Plateruena berriaren ibilbide berria. Prentsaurrekoan martxoaren 3a jarri dute mugarri bezala.

Plateruena Udalak kudeatuko duen arren, udal ordezkariek ‘Kultur Mahaia’ izeneko elkargune bat sortuko dute herriko eragile ezberdinek parte hartu ahal izateko. Kultur Mahai horren helburua haien iritzi eta eskaerak modu ahalik eta horizontalenean kudeatzea izango da: “Plateruena moduko espazio batek erabilera asko izan ditzake eta durangar guztien iritziak ezagutu nahi ditugu. Kultur Mahai horrek entzuketa aktibo eta elkarlan hori sustatu nahi du”, gaineratu dute Abanzabalegik, Lakuntzak eta Larrañagak.

Behin Plateruena berrirako helburu nagusiak, lan ildo zehatzak eta kudeaketa eredua zehaztuta, Plateruena berriz berpiztuko da datozen asteetan, euskal kulturzaleei espazio berritu bat eskainiz.

Zabaldu: