(argazkia: Debako Arte Eskola Bizirik)

Artea eta lurraldea hizpide Debako Arte Eskola Bizirik plataformak antolatutako jardunaldietan

Martxoaren 14an eta 15ean egingo dituzte jardunaldiak eta bertan izango dira: Erika Olaizola aktorea, Irene Intxausti Teklak elkarteko kidea, Leire San Martin Tabakalerako hezkuntza arduradura, J.P. Huercanos eta Aitziber Urtasun Oteiza museoko zuzendariordea eta hezkuntza arduraduna.

Pasa den urtean ekin zion Debako Arte Eskola Bizirik plataformak jardunaldiak antolatzeari. Euskal Herri osoan balio sinbolikoa izan duen eskolako itxiera salatzeko xedez antolatu zituzten saio horiek. Pasa den urteko erantzuna ikusita, aurten ere martxoaren 14an eta 15ean jarri dute hitzordua herrian bertan. Oraingoan baina, artea eta lurraldea izango dute hizpide. Hala, etorkizuneko norabidea birpentsatzen eta erabakitzen lagundu nahi dutela azaldu dute antolatzaileek.

Arteak herrian duen presentzia bultzatzea da helburua eta horrekin batera, arteak lurraldearekin eta gizartearekin izan ditzakeen loturak ikusaraztea, artea praktika aberasgarri gisa bizitzea eta gizartean izan dezakeen indar eraldatzailea argitara ematea.

Erika Olaizola aktorea, Irene Intxausti Teklak elkarteko kidea, Leire San Martin Tabakalerako hezkuntza arduradura, J.P. Huercanos eta Aitziber Urtasun Oteiza museoko zuzendariordea eta hezkuntza arduraduna gonbidatu dituzte jardunaldietara, “ekarpen eta esperientzia interesgarriz osatutako jardunaldi batzuk eskaintzeko asmoz”, azaldu dute Debako Arte Eskola Bizirik plataformakoek.

Zabaldu: