Artea lehen pertsonan jarri nahi du Euskadiko Orkestrak denboraldi berrian

Euskal sorkuntzak garrantzi handia izango duela nabarmendu du Orkestrak, bereziki, Antonio Lauzurikaren Chillida-Elogios lanaren estreinaldiarekin. Orkestraren denboraldia irailaren 29an abiatuko da Gasteizen, eta 2024ko ekainaren 7an amaituko da Donostian.

Artearen bidez sortzen eta eraldatzen duen pertsonari begiratu nahi dio Euskadiko Orkestrak 2023ko irailaren 29an abiatu eta 2024ko ekainaren 7an amaituko den denboraldian. “Mahler eta bere Hirugarren Sinfonia-rekin betierekotasuna, maitasuna eta halako kontzeptuak ikusiko ditugu; Brucknerrekin eta bere Zazpigarren Sinfonia-rekin, berriz, esperientzia espirituala; Dutilleuxekin eta Straussekin bizitza mundukoia; eta Prokofievekin eta bere Alexander Nevski-rekin, azkenik, heroiaren gorazarrea”.

Horretarako, zuzendari handiak izango ditu denboraldi honetan Orkestrak, hala nola Juraj Valcuha, Juanjo Mena, Marie Jacquot eta Riccardo Frizza, baita nazioarteko artista bikainak ere, adibidez, Alban Gerhardt, Sergey Khachatryan, Olesya Petrova eta Justina Gringyte. “Gure lurraldeko hainbat interprete eta abesbatza ugarik osatzen dute talde sendoa: Elena Sancho Pereg, Clara Mouriz, Alfonso Gomez, Bilboko Koral Elkartea, Donostiako Orfeoia eta Vocalia Taldea”.

Euskal sorkuntzak garrantzi handia izango duela nabarmendu du Orkestrak, bereziki, Antonio Lauzurikaren Chillida-Elogios lanaren estreinaldiarekin; izan ere, Orkestrak eskultorearen jaiotzaren mendeurrena ospatzeko eskatu zion Lauzurikari obra hori. Halaber, Itziar Viloriaren Oihartzun gorriak lana eta Saskia Venegasen At the Aegean Shores obraren berrikuspena ere estreinatuko dira, Ramon Lazkanoren Mugarri interpretatzeaz gain. Euskal sorkuntzaren atal honetan, eta Abonutik kanpo, nabarmentzekoa da Gabriel Erkorekaren obren grabazioa, Orkestrak egingo duena, Juanjo Menak zuzenduta.

Abonu denboraldian lehendabizikoz, opera bat interpretatuko da Bilbon, Arriaga Antzokiarekin lankidetzan eta Calixto Bieitoren zuzendaritza eszenikoarekin: Rudi Stephanen Die ersten Menschen (Lehen gizakiak).

Polonian bira arrakastatsua egin ondoren, Austria izango da Euskadiko Orkestraren hurrengo nazioarteko helmuga 2024ko otsailean, Salzburgon hiru kontzertu egingo baititu eta Linzen beste bat.

Zabaldu: