(argazkia: Bertsozale elkartea)

Durangok eta Iurretak Bertso Eguna –Ahalduntze jaia hartuko dute ekainaren 17an

Ahalduntze Bertso Eskola Feministaren ikasturte amaierako jaia da honakoa. Ikasturtean zehar parte hartu dutenen lana plazaratzea izango du helburu egunak.

2015-2016 ikasturtean antolatu zuten lehen aldiz Ahalduntze Bertso Eskola Feminista, eta geroztik urtero egin izan da. Aurtengoan, gainera, modu berezi batean eman nahi diote amaiera ikasturteari bertako kideek, festa giroan elkartuta. Parte hartzaileen lana plazaratzeaz gain, proiektua ezagutaraztea eta bertso munduko emakumeak elkartzea izango dira Bertso Egunaren helburua, ondo pasatzearekin batera. Bazkarian izena eman nahi dutenek ekainaren 9ra arte izango dute aukera.

Antolatzaileek adierazi dutenez, “emakume bertsolari guztiei begira ere proiektua jende aurrean aurkeztu eta datorren urterako jendea gonbidatzea da asmoa”. Horretarako egun osoko egitaraua antolatu dute ekainaren 17rako.

Egunari hasiera emateko, 12:00etan bertso-poteoa egingo dute Durangoko tabernetatik. Eguerdiko14:30ean, berriz, bertso munduko emakumeen bazkaria izango da Iurretako Abadetxean. Arratsaldeko 17:30ean jarraituko du egunak bertso saio batekin, eta egunari amaiera emateko, 20:00etan ERRE ikuskizunaren azken emanaldia eskainiko da Plateruenan.

2022-2023 ikasturtea

Durangon eta Amasa-Villabonan elkartu dira hilero ikasturte honetan Ahalduntze Bertso Eskola Feministako kideak. Guztira, 23 bertsolari eta hiru gai-jartzaile aritu dira. Hilabetean larunbat bat elkarrekin pasatu dute parte-hartzaileek eta eskoletan kantatu, hausnartu, estrategiak elkarbanatu eta zalantzak eztabaidatzeko baliatu dute. Ikasturtean zehar Durangoko eta Amasa-Villabonako taldeak ere elkartu dira elkarrekin eguna pasatzeko.

Taldeak sendotasuna eta konpromisoa hartu ditu, eta datorren urtean ere izango du segida Ahalduntze Bertso Eskola Feministak. Elkar ezagutzen eta ahalduntzen jarraitzeko asmoz eta gogoz daude bertako kideak eta jende berriarentzat ere ateak zabalik izango dituztela iragarri dute irailetik aurrera.

Zabaldu: