(argazkia: Bertsozale Elkartea)

Bizkaiko Taldekakorako izen-ematea otsailaren 18ra arte egongo da zabalik

Ekimenaren helburu nagusia bertsoaren ekosistema indartzea da. Kanporaketak martxoaren 15etik maiatzaren 4ra bitartean jokatuko dira, eta finalaurrekoak eta finala, berriz, maiatzaren 25ean izango dira, Eskolarteko finalarekin batera.

Bizkaiko Bertsozale Elkarteak Taldekakoaren laugarren edizioan parte hartu nahi dutenentzako izen-ematea ireki du, eta taldeek bi astez izango dute horretarako aukera, otsailaren 18ra arte, hain zuzen.

Elkarteak azaldu duenez, “Bizkaiko Taldekakoa giro informalean eta jai giroan gauzatzen da, bere helburu nagusia baita bertsoaren ekosistema indartzea. Hau da, Taldekakoak oinarrian eragin gura du, bertso-eskolak eta eskualdeak indartuz. Elkarteak ere, plaza informalak sortu gura ditu, besteak beste, bertsolari hasi berriei plazarako bidea errazteko asmoz”.

Taldekakoaren egitura izena ematen duen talde kopuruaren araberakoa izango dela nabarmendu dute antolatzaileek, eta martxoaren 12an emango da horren berri, horretarako propio sortutako webgune berezituaren bidez. Dena dela, kanporaketak martxoaren 15etik maiatzaren 4ra bitartean jokatuko dira, eta finalaurrekoak eta finala, berriz, maiatzaren 25ean izango dira, Eskolarteko finalarekin batera.

Bertsozaleren arabera, taldeak gutxienez sei lagunek osatutakoak izan beharko dira honako funtzioak bete beharko baitira: hiru bertsolari, gai-jartzaile bat, epaile bat eta azpiegitura edo komunikazioko kide bat. Dena dela, gutxienez, zortzi parte-hartzaile izatea gomendatzen dute.

Zabaldu: