(argazkia: Ainhoa Resano)

Artedrama eta Axut! antzerki taldeek ‘Hondamendia’ antzezlana estreinatuko dute urriaren 14an, Luhuson

Harkaitz Canok idatzitako obrak Zaldibarko zabortegiaren erorketa du abiapuntu. Taula gainean, Ander Lipus, Maite Larburu, Manex Fuchs, Ruth Guimera, Eneko Gil, Ane Sagües eta Jon Ander Urrest aktoreak ikusiko ditugu Ximun Fuchsen zuzendaritzapean.

Artedrama eta Axut! antzerki taldeek Hondamendia izeneko antzezlana estreinatuko dute datorren urriaren 14an Luhusoko Harri Xuri aretoan eta bira luzea abiatuko dute segidan, herriz herri, datorren urteko abendura arte.

Harkaitz Canok idatzitako obrak Zaldibarko zabortegiaren erorketa du abiapuntu. Manex Fuchs ari da zuzendari lanetan eta kontatu duenez, “ikuskizunaren ardatza pentsaeraren ibilbidea agerian uztea izango da: kontraesanak, esaten dena, egiten dena eta nahi dena”.

Antzezlanaren sinopsian kontatzen denez, “zaborra metafora bat da batzuetan. Baina ze metafora da kiratsa darion hau?

2020ko otsaila: zabortegi baten kolapsoak bi langile desagerrarazi ditu azpian. Esan patua izan dela. Esan zoria izan dela. Edo haien senide ttipi eta apala, zorte txarra. Ardura eta erantzukizuna maskaratzeko mozorroak ere izan daitezke, ordea, hondamendiari jarritako hitzok. Batzuentzat ezbeharra dena, istripua da beste batzuentzat.

2020ko martxoa: Covid-a heldu da. Osasun arazo batek bazterrean laga duen irrati-esataria, Zaldibarko zabortegiaren luiziari hitzak ematen saiatuko da. Egia, egitatea, kontakizuna… Baina nola adierazi samina mundua pandemia baten menpe izoztu denean?

Hitz hoberik topatu ezean “hondamendia” deitu diogun horrek ataka larrian jarri ditu guztiak, halako gertaera lazgarri baten ondotik deus okerragorik etor ezin daitekeen ustean.

Pantailek hartu dute hitzaren tokia eta zaborrak gure bizien arrasto bihurtu dira. Langile bat hiltzen da beharrean. Astero.

2022ko otsaila. Zabor meta erraldoian aztarrika, bide-seinale modura erabiliko ditugun galdera ikurrak besterik ez ditugu topatu. Eta bizitzaren balizko zentzuaren gainetik, bizitza bera huts-hutsean maitatu behar dugula dioen intuizioa”.

Fuchsen arabera, “erronka pertsonaien barne-munduan kokatzen da. Erbesteratuak bezala, pertsonaiak gailu konektatuen bidez komunikatzen dira beraien artean, norberak bere arrangurak, dudak eta ikaragarrizko presioa ezin zuzenean partekatuz. Espazio berezi horretan, iragana eta orainaldia gurutzatuko dira”. Ander Lipusek, Maite Larburuk, Manex Fuchsek, Ruth Guimerak, Eneko Gilek, Ane Sagüesek eta Jon Ander Urrestek gorpuztuko dituzte pertsonaia horiek.

Zuzendariak ez du ikuskizun politiko bat sortzeko asmorik izan, baina bai hipotesia humano baten haria argira ekartzea. “Pertsona arrunt batzuek kontatuko digute mundua ikusten eta bizitzen duten bezala. Enfasirik gabe, edonork egin lezakeen bezala: aita edo ama batek, seme, senide edo lagun batek, eskua luzatu eta haria tiratuko du egia baten bila. Norberak bere lekutik, jokoan dagoena haiek baino askoz handiagoa izan arren. Eskukada horiek emango dute etorkizuna irudikatzeko ahalmena, norbanakoari eta giza talde honi. Bata bestea gabe, ez dira ezer, eta pasako dute antzezlana pareta digital guztien gainetik haien arteko maitasuna eta zintzotasuna ureztatzen”.

Proposamen garaikidea

Fuchsek proposamen garaikide bat eskaintzen saiatzen dela aitortu du, “familien intimitatean bizirauten duten amesgaiztoak ahaztu gabe. Umorea ikusarazi nahi dut eta samurtasuna hobekiago entzun. Ikuskizun honek promesaz hitz egiten du zeharka, gure haurrei egiten diegun promesa eta gure burasoek ezin izan dutena bete: mundu hobeago baten promesa”.

Zuzendaritzan, aktoreen emozio eta irudimena gorpuzteaz arduratu da bereziki. “Roland Barthesek zioen bezala, gorputza mintzatzen da, eta mintzairak berak baino gehiago esan lezake. Gorputzak ezkutatu ezin dituenak agerian uztea da nire xedea”. Antzezlana ez dela ilusiotik biziko, haragitik eta adimenetik baizik nabarmendu nahi izan du Fuchsek, “zeren ikuslea argia dela uste dut, eta ikuslego komunitatearen adimenean apustua egitea izan da beti gure egiteko moldea. Maitasunez eta zuhurtziaz”.

Zabaldu: