(argazkia: Orbain Kultur Elkartea)

Gasteizko Orbain Kultur Elkarteak zazpigarren urteurrena ospatuko du urrian

Kontzertuek, pintxadek, liburu aurkezpenek, erakusketek, dokumentalen proiekzioek edota lantegiek osatuko dute urriaren 1etik 29ra bitarteko egitaraua.

Pandemiak eragindako murrizketen amaieraren ondoren, Orbain Kultur Elkarteari gero eta proposamen gehiago iristen zaizkio Punk Rockari eta kultura alternatiboari lotutako kultur ekitaldiak antolatzeko, eta horrek sorkuntza kritikoa ez dela inoiz gelditu eta osasun ona izaten jarraitzen duela pentsaraztera eraman ditu bertako kideak, “jende asko dabil gauza asko egiten”, adierazi dute.

Zazpi urteko ibilbidearen ondoren, elkartearen proiektua finkatuta dagoela nabarmendu dute, “lortu dugu leku bat egitea eta erreferente izatea dinamika instituzional edo enpresa handiek kudeatutako dinamiketan lekurik aurkitzen ez duen jende askorentzat. Pentsatuko dugu zerbait ondo egiten ari garela 2023. urtea ehun bazkide baino gehiagorekin hastera goazenean.

Aurten abian jarritako ekimenak, dokumentalen asteroko zikloa bezala, oso positibotzat jo dute, “bai ikusitako lanen kalitateagatik eta protagonisten presentziagatik, bai astearteetan gure lokalera joaten den publikoaren harreragatik. Hemen bertan edo bideokonferentzia bidez, dokumentalen zuzendariak eta ekoizleak, RASDeko eta Palestinako herriko ordezkariak, sindikalistak edo idazleak izan ditugu”, kontatu dute.

Gainera, streaming sistema instalatuko dute geografikoki urrun dauden pertsonekin harremanetan jartzeko eta dokumentalen solasaldiak zuzenean jarraitu ahal izateko. “Urrian, gainera, gure agertokira igoko diren musika taldeek beren emanaldia grabatzeko edo emititzeko aukera izango dute”.

Gasteizko Herri Mugimenduarekin elkarlanean jarraituko dutela ere aipatu dute, “Lumagorrirekin batera antolatzen dugun Transmarikabollo astearen azken edizioak,

Jamaikako kulturaren asteak edo Korrikan modu aktiboan parte hartzeak erakusten   duen bezala. Azken hau abuztuaren 6ko Elektrotxaranga berreskuratzearekin batera, gure lokaletik kanpo antolatzen ditugun jarduera bakarrak izan dira, eta esan beharra daukagu biak zoragarriak eta parte-hartze handikoak izan zirela”.

Hamabost jarduera

Urriaren 1etik 29ra bitartean, zazpigarren urteurrena ospatzeko hamabost jarduera programatu dituzte, guztiak 19:00etatik 22:00etara izango dira.

 

Zabaldu: