(argazkia: Quintas Fotografos)

Artium Museoak Natalia Isla eta Aitor Bengoetxearen ‘Ahotsari eman’ erakusketa aurkeztu du

Erakusketa aurtengo Komisario Berriak programan hautatutako proiektua da. 2022ko urtarrilaren 16ra arte bisitatu ahal izango da.

Gasteizko Artium Museoak Ahotsari eman proiektua aurkeztu du, soinua eta, zehatzago, giza ahotsa interesgune izan dituzten eta dituzten praktika artistiko garaikideekiko hurbilketa bat. Erakusketak hainbat pieza historiko biltzen ditu, azken hamarkadan bai nazioartean eta bai Euskal Herrian egindako pieza sorta batekin batera.

Natalia Isla eta Aitor Bengoetxea daude Ahotsari eman proiektuaren atzean, eta Gasteizko Museoak aurtengo Komisario Berriak programan hautatu du. Eusko Jaurlaritzak bultzatzen du programa hau, Artium Museoaren, Tabakaleraren eta Bilboko Alondegiaren partaidetzarekin.

Artistek azaldu dutenez, “soinu-pieza sorta hautatu bat aurkeztuko da erakusketan. Hala, bisitariek lehen gune batean soinua eta irudiak izango ditu ikus- eta entzungai, hurrengoan soinua eta testua eta, azkenean, soinua besterik ez”.

Azken hamarkadan egindako lanak dira gehienak, nahiz eta sorta Gary Hill artistaren Mediations (towards a remake of Soundings, 1979-1986) pieza historikoarekin abiatu. Bideo horretan, ahotsaren, hura erreproduzitzen duen bozgorailuaren irudiaren eta bozgorailua pixkanaka estaltzen duen harearen arteko elkarrekintzak aukera ematen dio artistari ahotsa eta prozesuan hark jasaten dituen aldaketak ikusarazteko. Beste grabazio historiko bat Alfred Tennyson poetaren ahotsarena da, 1890ean jasoa.

Erakusketan, besteak beste, Jörg Piringer, Aurora Minguez Garai, Rik Rue, Federico Valdez, Ana Estrada Zuñiga eta Paula Meraren ahotsak ere jasotzen dira. Gainera, Euskal Herriko sortzaileek hainbat arlotan egindako ekarpen esperimentalak ere biltzen ditu, hala nola Maite Arroitajauregi, Ixiar Rozas, Eneritz Arzallus, Xabier Erkizia eta Maialen Lujanbiorenak edota Gargara kolektiboarenak (Ibon RG-k eta Miguel A. Garciak osatua).

Beira-arasa batzuetan proiekturako egindako ikerketarekin lotutako dokumentuak daude, kristalean zehar entzun ahal izango diren soinu-pieza batzuk barne, eta gainera, Adan Hernandez, Ibon RG eta Pia Sommerrek erakusketa irekitzean egindako soinu-ekintzetan erabilitako objektuak.

Zabaldu: