Artiumek 1976ko Veneziako Bienalean euskal artistek izandako parte-hartzea berreskuratu du

‘I Baschi alla Biennale 1976/2026’ erakusketak duela 50 urteko ekimenaren testuinguru politiko eta kulturala aztertzen du, artelanen, dokumentuen eta lekukotzen bidez. 2027ko maiatzaren 30era arte egongo da ikusgai Gasteizen.

Gasteizko Artium Museoak I Baschi alla Biennale 1976/2026 erakusketa aurkeztu du, 1976ko Veneziako Bienalean euskal artista, zinemagile, musikari eta poeta talde batek izandako parte-hartzea berreskuratzeko. Erakusketak garai hartako testuinguru politiko eta kulturala aztertzen du, lekukotzak, dokumentuak eta artelanak bilduz. Museoaren A3 aretoan dago ikusgai, 2027ko maiatzaren 30era arte.

1976an, euskal sortzaile talde batek Veneziako Bienalean parte hartu zuen Amnistia denontzat lelopean. Frankismoaren diktadura gainbehera zihoan garaian, askatasunak berreskuratzea aldarrikatu eta aurreko hamarkadetako indarkeria eta errepresioa salatu nahi izan zituzten

Mende erdi geroago, gertakari hura eta haren inguruko egoera aztertzen ditu Artiumeko erakusketak. Bildutako materialak aukera ematen du garai hartako arte-komunitateek sustatutako parte-hartze moduak ezagutzeko, baita artistek beren garaiko eztabaida politiko eta kulturaletan izandako lekua aztertzeko ere.

Artea eta testuinguru politikoa

Erakusketaren ibilbidea Bigarren Errepublikaren garaitik abiatzen da, 1936ko kolpe militarra eta Gerra Zibila artearen eta kulturaren ikuspegitik aztertuz. Testuinguru horretan, 1937ko Parisko Nazioarteko Erakusketa ere jasotzen du, zenbait artistak nazioarteko erakusketetan izandako parte-hartzea ulertzeko

Orduko hartan aurkeztutako lan batzuk ere jasotzen ditu erakusketak. Horien artean daude Aurelio Artetaren bi lan eta Jose Ortiz Echagüeren argazkiak, 1937ko Pabilioiaren proiektuaren parte izan zirenak.

Ibilbide horren bidez, erakusketak 1976ko Veneziako Bienalean izandako euskal parte-hartzea kokatzen du, diktaduraren amaierako aldarrikapenekin eta artearen bidezko adierazpenekin lotuta.

Venezian aurkeztutako proiektuaren jarraipena

Artiumeko erakusketak izen bereko proiektuan du jatorria. Eusko Jaurlaritzak sustatutako ekimena 2026ko maiatzean aurkeztu zen Veneziako 61. Bienalaren barruan, Etxepare Euskal Institutuak bultzatuta eta ekoitzita.

Artium Museoak proiektuaren garapenean eta komisariotzan parte hartu zuen, Veneziako Ca’ Foscari Unibertsitatearekin eta Artingeniumekin batera.

Erakusketaren oinarrian dagoen ikerketak hainbat dokumentu-iturri bildu eta aztertu ditu, artisten, erakundeen eta kultur eragileen arteko harremanak ezagutzeko eta 1976ko parte-hartzearen testuinguruan sakontzeko.

I Baschi alla Biennale 1976/2026 erakusketa Gasteizko Artium Museoko A3 aretoan bisitatu ahal izango da 2027ko maiatzaren 30era arte.

Zabaldu:

Utzi erantzuna